Sagarrak eta sagarrak

Alba Cabrera Jauregi 2018ko api. 14a, 02:00

Urtarrila hastearekin batera ireki zituzten euren ateak sagardotegiek. Garai hauetan, batez ere asteburuan, kupelak hustu eta tripa betetzeko asmotan milaka dira Euskal Herriko txoko guztietatik sagardoa eskaintzen duten herrietara datozen festazaleak. Jende askoren haserrea edota nazkarako kaleak txizaz zikintzen dituzte, urrin berezi-eta ez oso atsegina utziz.
 

Baina bada oraindik ere hori baino askoz nazkagarriagoa dena.

Antza, badirudi sagardoak gizon askok barruan duten neanderthal sen hori berpiztu egiten duela, eta horrek espresuki, kaleak txizaz zikindu baino, erasoz betetzen dituela. Batzuetan irrika bat sorrarazten zait, Edurnezurik sagar bat jan eta lo geratu zenean bezala, ea neanderthal baboso horiek ere hainbeste sagar gorputzean sartu ostean denboraldi oso luze batez lo geratzen diren.

Eskerrak badauden kaleak aldarri feministez betetzen dituztenak; sagardotegiak, tabernak, kaleak eta gaua emakumeonak* ere badirela defendatzen dutenak, aldarri eta oihuekin beldurra bandoz aldaraziko dutenak, erasoei erantzuna ematen dietenak, sagarrari zuku morea ateratzen diotenak…

Gora sagar moreen iraultza!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!