Apirilak 14

Xabier Lasa 2018ko api. 6a, 02:00

1936ko kolpe militar faxistak Andoainen zapaldu zituen herritarrak gogoratzeko ekitaldi publiko berria antolatuko dugu datorren larunbatean, Mirandaola pasealekuan. 2005eko lehen ekitaldi hura bezain premiazkoa izango da aurtengoa. Inoiz ez dagoelako soberan frankismoaren biktimak maite ditugula adieraztea. Zeukaten guztia eman zutelako askatasunaren alde, eta trukean, bazterkeria jasan zutelako 40 urteko diktadurapean eta baita geroztik ere demokrazian.

Frankismoaren aurkako oroimen historikoa ez da historiaurrea, zenbaiti hala iruditu arren. Geure oraina baldintzatu duen atala da, egungo errealitatea ulertzeko giltzarria. Geure iragan hurbilarekin lotutako “kontakizun” famatuaren parteetakoa da, azken batean.

Ingurumari zehatz batean datorkigu aurtengo ekitaldia. Berriki, Andoaingo udalbatzak aho batez onetsi du frankismoaren aurkako Argentinako kereilan pertsonatzea. Oroituz, Andoainen elkarteak hartu du 1936-1977 epean Andoainen gertatutako giza eskubideen bortxaketa kasuak biltzeko zeregina. Aurrera doa egitasmoa, eta egiari zor, harridurak ez du mugarik. Artean, nahiko ezagunak genituen 1936ko gertakizunak. Oraingoan, 60 eta 70eko hamarkadatan Andoaingo antifrankisten testigantza pertsonalekin egiten ari gara topo. Makina bat biografia urratuak, Estatu frankistak eragindako minaren eraginez.

Kasu horientzako argitasuna eta justizia nahi du Argentinako kereilak. Baina 1977ko Amnistiaren legearekin ari dira trabatzen udalerriak epaitegietan aurkezten ari diren salaketak. Hain zuzen, berriki, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ezetz esan diote lege hori indargabetzeari, Espainiako Kongresuan.   

Besteak beste, Gasteizko bost langileren hilketentzat justizia eskatzen duen Martxoak 3 elkarteak jaso du danbatekoa, Espainiako justiziaren aldetik. Hain zuzen, Andoaingo ekitaldiak elkarte horretako kideak izango ditu gonbidatu berezitzat. Eta aldi berean, Musika Banda Errepublikanoak Lluis Llachen Campanades a morts abestia eskainiko du lehenbiziko aldiz, bere urteroko kontzertuan. Horrenbestez, Goiztirian eskulturaren aurrean bilduko gara biktimak, biktimen senideak, horien lagunak, Banda Errepublikanoko eta Oroituz-eko kideak, eta orohar, Andoaingo herritar ugari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!