Ansatarrak

Xabier Lasa 2016ko ots. 2a, 01:00

Aurreko asteetan “Heriotzaren triangelua” izeneko dokumentala eta estatu terrorismoaren inguruko hitzaldia ikus-entzuteko aukera izan dugu Basteron; baita Ansa abizeneko bi familiako kideei Aiurrik elkarrizketa bana. Herri honetan bizi izan dugun indarkeriaren historiaren barruan, kapitulu jakin baten inguruko oroimena freskatu egin digute guztiek ere.

Dokumentalak, 70eko eta 80 hamarkadetan Andoainen hasi eta Astigarraga bitartean gertatu ziren giza eskubideen aurkako gertakari larriak (erailketak, ondasunen erretzeak, mehatxuak...) gogorarazi dizkigu lehendik ere zerbait bagenekienoi, eta lehen aldiz jakinarazi dizkie ezer ere ez zekitenei. Parentesia irekitzen dut: zer pentsatua eta zer kezkatua eman beharko liguke 30 urtetik beherako gazteek erakutsi dute interes eskasa; zer ari ote gara gaizki egiten belaunaldien arteko transmisioan? 

Dokumentalak, elkarrizketek eta hitzaldiak Andoaingo eta andoaindarren memoria kolektiboan gorde beharreko gertakariak gerturatzeaz gain, perspektiba historikotik aitortu beharreko bi errealitate jarri dizkigute agerian. Honatx lehenbiziko errealitatea: indar parapolizialen edo inkontrolatuen fenomenoa, estatu terrorismoaren kapitulu ezkutatu baten ondorio izan zena, eta ekintza anekdotikotik eta bizpahiru ardi beltzen kontutik harago doana. Sigla ezberdinekin (izan BVE, izan Triple A, izan GAL...) Estatuaren aparatuek –Gobernuan alderdi bat izan, ala bestea izan–, sufrimendua eragiteko jorratu zuten praktika izan zen 

Aparatu politikoak praktika hori sustatu, edo eta beste aldera begiratu zuen. Errealitate horren adibide ilustragarria, 1979ko abenduko gertakari batek ematen digu: Andoaingo Udalak eta herri ekimenak, biek batera herriko kuarteleko Guardi zibilen eta ultraeskuindarren arteko konexioak, susmagarrien historialak eta bestelako frogak biltzen zituen txostena atondu zuten. Besteak beste, hurrengo hilabete eta urteetan hilketen egile izango ziren Iturbide herritarra eta Zabala aipatuz. Gobernadore zibilaren esku utzi zuten txostena. Hala ere, aipatu bi elementu horiek bigarrenaren amaren etxean jarraitu zuten bizitzen, eta bere Seat 127 autoarekin ibili ziren herriz herri paseatzen, kalez kale, baita txikitoak hartzen Astigarragan zein Hernanin. Zertarako hartu segurtasun neurririk, inpunitatea sentitzen duenak? 

Aparatu judiziala ez zen gutxiago izan konplizitateen sarean; esate batera, Sanchez Medrano ultraeskuindar damutuak idatzi zuen txostenarekin erakutsi ahal izan zuen kausarekiko bere erantzukizuna: Auzitegi Nazionalak bizpahiru egunetan artxibatu zuen, nahiz eta ezin mamitsuagoa izan Iturbide eta beste makina bat izen abizenak eta horien ibilerak kontatzen zituen txostena. Frankismoan Tribunal de Orden Publikoan “lan” egin zuten epaileek bere horretan jarraitzen zuten euren bulegoetan, iraganean bezala justizia banatzen. 

Eta noski, joko perbertso horretan, nahitaezkoa izan zen aparatu militar eta poliziala, “por la patria”ren alde lanik zikinenak egiteko prest.

Era guztietako bitartekoek balio zezaketen Francoren ostean laineztuta omen zebilen “separatismoari” aurre egiteko; indarkeria zerabilten separatistei botika berbera irenstarazi behar zitzaien, edo besterik gabe, pertsona anonimoak “sakrifikatu” behar ziren (ansatarrak, kasurako), beldurra zabaltzeko bazterretan eta “edozein izan liteke biktima” eta “hobe duzu politikan ez sartzea” mezuak gizartean transmititzeko.

Bi familien jarrera 

Gure historia hurbilaren kronika (kronologikoa eta emozionala) egiteaz gain, aurreko asteetako ekitaldi sortak agerian utzi du 35 urte hauetan bi biktimen senideek, Upategi baserriko ansatarrek eta Antzizu baserriko ansatarrek, erakutsi duten jarrera. 

Isiltasuna, apaltasuna, diskrezioa... Nik ez dakit biolentziaren biktima batek eduki beharreko jarrera eredugarria zein den zein ez. Baina horiena, ondo azpimarratzekoa behintzat, izatez bada.

Luzea da benetan egin zitzaketen baina egin ez dituzten ekintzen zerrenda. Urte horietan, pankarta estu-estu heldu, eta exijitu zezaketen hiltzaileek kartzela zigor guztia bete zezaten, kartzelan “usteldu” zitezen. Exijitu zezaketen estatu terrorismoa (sigla askoren estalpean) antolatu, finantzatu, onartu, inpunitatez ezkutatu izan duten gobernuetako alderdi politikoak legez kanpo utz zitzaten.

Espainiaren batasuna ukiezina defendatzen duten alderdiei exijitu ziezaieketen uko egiteko aldarri horri, euren senideen hiltzaileek ere kausa berberaren izenean egiten baitzituzten egiten zituztenak. 

Komunikabideen arreta eta titularrak eskatu zitzaketen, berdez jantzitako funtzionario publikoen umilazioa eta mehatxuak jasan behar izan zituztelako kontroletan, edo eta bi aldiz puskatu zietelako (Upategiko ansatarrei) senide erailaren alde bide bazterrean eta euren kabuz jarri zuten oroitarria.   

Zintzilika zezaketen buzoi bat plazan, eta estatu terrorismoaren garaietan Madrilen agintzen zuten alderdi horien boto emaileei gutun bidez zera eskatu: aitortu zezatela zenbaiteraino sentitzen diren errudun, konplize...

Herriko agintariei eskatu ziezaieketen herriko parke bati beren etxeetan falta dute haien izena jartzea, edo haren omenezko eskultura zutitzea Goikoplazan, edo herriko domina eskaintzea.

Joxe Ramon Ansaren heriotzaren biharamunean, 1979ko maiatzeko udalbatzan, egia eta justizia ezartzeko eta demokrazian bizi garela benetan sinesteko estatu aparatu frankisten depurazioa premiazkotzat jo zuten alderdi eta politikoei galdetu ziezaieketen ea zertan geratu diren eskaera haiek eta ea hurrengo hamarkadetan koherentziaz jokatu izan duten. 

Eta ansatarrek segi zezaketen hau eta bestea eskatzen, eta egiten...

Baina ez dute bide horretatik jo, kontrakotik baizik.

Instantzia politiko askotatik biktimen batzuen eta besteen artean parekotasunik ez dela ezarri behar adierazten zaigunean, zer esan nahi ote da, gure Andoainen azken 35 urtetan biktima batzuei eta besteei eman zaien tratamendu ofiziala, arras diferentziatua, horixe dela eredugarria? Hori dela jarraitu beharreko bidea?

Aitor dezagun, Andoainen, Euskal Herrian herri gutxietan bezainbat esango nuke, desproportzioa bizi izan dugula kontu honetan, formatan zein mamian.

Konplexua eta sentiberatasunez hartu beharreko gaia da inondik ere, biktimena, zer nola jokatu behar duten, zer nola adierazi behar duten edo dezaketen euren sentimenduak, zein funtzio bete behar duten gizartean... Zailak jorratzen, inor mindu gabe. Baina printzipio batek agindu behar duela, ez dago zalantzarik: senideren bat bortxaz galdu duten herritar guztiek merezi dutela egia, justizia eta ordainketarako eskubidea. Denek daukatela merezia babes juridikoa, ekonomikoa, sikologikoa, politikoa, animikoa... eta batik bat, herritarren babesa, gertutasuna. Guzti-guztiek, ez batzuek gehiago besteek baino.

Andoainen egitekoak

Andoainen ez dugu urrats handiegirik eman zor hori kitatzeko, aurreratuago dabiltza beste zenbait herrietan eginkizun horretan. Kontziente izan behar dugu atzera begiratzeko garaoa badela, etorkizunean kolektibo bezala zein pauso eman jakiteko. Baina atzera begiratze hori, giza eskubideen urraketa guztiak aintzat hartzekotan beharko du izan. Erailketak, mehatxuak, ikertu gabeko heriotzak, torturak, ondasunen aurkako sabotaiak, gero absolbatutako kartzeleratzeak...  

Neronek ezin argiago daukadan gauza bakarra da egin behar ez dena, badauzkagu adibideak eta: frankismoaren biktimekin egon den eta dagoen utzikeria. 

Azken aldian besteei autokritika eskatzen espezializatu diren etika lezio emaile gutxiago behar ditugu, eta ariketa gehiago barrura begirakoak. Ariketa horretan, zintzoak izan nahi badugu, aitortu beharko dugu, hipokresirako joera tentagarria alde batera utzita, denok, politikoek zein herritarrok ez dugula biktima guztiekin berdin jokatu. Geure ideologiaren betaurrekoetatik ikusi dugula errealitatea; herrian gertatutako giza eskubideen bortxakeri bakoitzaren aurrean, sentimendu edo jokaera ezberdinak sentitu-erakutsi izan ditugula, eta egite horretan funtsezkoak izan direla geure ideologia, eta, biktimaren eta biktimarioaren ideologiak edo horiekiko eduki genezakeen gertutasun pertsonala, sinpatia... Haserretu, isildu, kalera irten eta manifestatu, etxean geratu, bestaldera begiratu, amorruz bete, gaitzezpen hitzak adierazi edo mozioak aurkeztu, testuinguru politikoaren edo legearen inperioaren edo bertsio ofizialaren aterpean babestu... 

Giza eskubideen urraketak faktore askoren arabera epaitu ditugula, objetibitate gutxirekin. 

Hortik abiatzen bagara, aurrera egin genezake iraganekiko eta biktimekiko dauzkagun zorrak kitatzeko orduan, eta etorkizuneko bizikidetzan oinarriak jartzen hasi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!