Nazioarteko hizkuntzei tartea

Jon Ander Ubeda 2016ko ots. 2a, 01:00

Euskararen nazioarteko egunarekin batera, Tokikom herri aldizkarien erakundeko hainbat hedabidek ez ohiko argitalpena banatzeari ekin diogu. Tartean gaude Debagoienako Goiena, Lasarte-Oriako Txintxarri, Hernaniko Kronika eta Urnietako eta Andoaingo Aiurri astekaria. Zein du, bada, bereizgarri nagusi aste honetakoak?

Bada, lehen aldiz euskara ez den beste hizkuntzei tartea eskaini diogula. Astekariko azalean zer jartzen duen erreparatzen hasi eta testuak gaztelaniaz daudela ikustean, batek baino gehiagok ezustekoa hartuko du. Eta orrialdeak ireki eta iritzi artikulu eta beste idazlanetan hizkuntza gehiagorekin topo egiteak harridura eragingo dio. Ingelesa, frantsesa, katalanera, galiziera, errumaniera, brasildarra..., baita quechua hizkuntza ere. XXI. mendean sartu ginen aspaldi, eta bistakoa da jatorri ezberdinetako auzotarrak baditugula gure artean. Haietako familia asko euskarari, Aiurriri bizkar emanda bizi ote diren, eta behin bada ere, gure orrialdeetan haien hizkuntzari tartetxoa eskaini diogu. Aukera, noski, euskaraz eta euskararen alde diharduen hedabidez hitz egiteko baliatu dugu. Zergatik egiten dugu euskaraz? Zergatik mugatu hizkuntza bakarrera? Galdera horiei erantzuna eman diogu, gaztelaniaz.

Tokikoak indarra hartu du, eta euskararen aldeko apostua garbia da. Kioskoan edota TV programazioan euskarari tarte txikia eskaintzen zaio. Tokikoan, aldiz, gertu-gertuko eremuan, euskarazko hedabideak gehien eta hobekien asmatzen gabiltzan sinesmena daukat. Irismen maila handietara iristen ari garelako. Aiurri jauzi horren parte da, azken sei urteetan paperari eutsi eta digitalerako jauzia eman zuenetik. Bideoei dagokionez bakarrik, dagoeneko 1500 bideo sareratu ditugu. Gazteak egunkariari edota telebistari ez dio hainbeste erreparatuko, eskuartean telefonoa baldin badu. Bada, telefono horien pantailatan maiz agertzen diren argazki, bideo, txio eta facebook mezuak tokiko hedabideetatik zabaldu dira. Aiurritik, esaterako. Indargune hori etorkizunerako akuilu izan dadila.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!