Ez ohiko banaketa

Jon Ander Ubeda 2014ko abe. 18a, 11:57

Etxe inguruan eta gertukoen epelean egoteko sasoia da urte amaierakoa. Aiurriko harpidedun hori, eskuartean duzun aldizkaria urteko azken hamaboskaria da. Eguberrien atarian argitaratu ohi dugunez, ezinbestean, edukietako asko urte amaierako eta urte berriko ekitaldiei lotuta daude.

Ondotxo dakizu aldizkariaren martxa zein den, hamabostean behin etxeko buzoian jasotzen duzulako. Berriki diseinua berritzearekin batera kolorera jauzi egin dugu, aldizkariak kalitatean irabaz dezan. Lortzen ari garelakoan gaude.

Aiurri ere ez da orokorra den egoera ekonomiko estutik salbu egon, baina behintzat iazko egoera zaila gainditzen ari garela esan genezake. Urte osoan zehar zuhur jokatu dugu, lantaldeari zukurik handiena ateraz eta hornitzaileak ahalik eta gehien estutuz. Horrela bakarrik lortu ahal izan dugu egoera bideratzea eta urte berriari beste aldarte batekin begiratzea.

Zure gertuko albisteak lantzen jarraituko dugu, tokiko informazioan erreferentzia izaten jarraituz. Zurekin eta gehiagorekin, asko gara. Baina aldizkaria sendotzeko gehiago izan behar dugu. Eta horregatik oraingo honetan Aiurri aldizkaria Beterri-Aiztondoko etxebizitza guztietara zabaldu dugu. Zure buzoian bezalaxe, ondoko guztietan ere topatuko duzu Aiurri. Ez ohiko banaketa berezia izango da, helburu garbiarekin: Aiurrik duen harpidetza kopurua handitzea.

Aldizkaria etxean jasotzen ez duenarentzat, Aiurri zer den azaltzeko modu eraginkorrena ale bat bere etxeko buzoian uztea dela deritzogu. Publizitate itxurako eskuorri bat baino eraginkorragoa da, urtean behin bederen, aldizkari osoa eskualdeko biztanle guztien eskuetan uztea.

2015eko urtarrila-otsailean harpidetza berritzeko garaia iritsiko da, eta oraingo banaketa bereziarekin kanpainari hasiera eman nahi izan diogu. Betiko harpidedun zaren aldetik jakin ezazu 2015ean ere iazko harpidetza-sariari eutsiko diogula. 35 euroko kostua izango du urte osoko harpidetzak aurten ere. Zurekin batera bidea egiten jarraitu nahi dugulako. Urtarriletik aurrera Aiurri soilik eta bakarrik harpidedunen artean banatuko da.

Harpidedun ez den horri
Hauxe duzu Aiurri hamaboskaria, zure bizilagun askoren etxeetara iristen den aldizkaria. Eskuetan eduki, irakurketaz gozatu eta gogoko baldin baduzu, urte osoan zehar etxean bertan jaso dezakezu. Bat egizu Aiurrirekin. Oso erraza da, informazio osagarria 7. orrialdean jasoko duzu.

Aiurriko lantalde osoaren izenean, Eguberri eta Urteberri on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!