Albistearen harian, Aiurrin uda osoan

Jon Ander Ubeda 2014ko ira. 4a, 10:41

Eskualdeak udan albiste iturri izaten jarraitu du. Euskadi irratiak bere egiten duen lemari jarraituz, Aiurrikook hainbat gertakariren aurrean albistearen harian lanean jarduteraino. Uztaila amaierako eta abuztuko asteburuetan paperezko ediziorik ez eta aiurri.com gunea eta Facebook nahiz Twitter izan dira albisteak argitara emateko aukeratutako bideak.

Santio eguna handia izaten da Villabonako jaietan. Gainerako herrietan uztailaren 25eko arratsaldeak udako egun lasaia zirudien, harik eta urrutitik Kaletxiki aldean kea aireratu zen arte. 18-20. zenbakietako etxe okupatuetan sutea piztu zen eta bertara hurbildu ziren suhiltzaileak, Gurutze Gorria, Ertzaintza eta agintariak. Jai eguna izanik ere, Aiurriko erredakzio taldea bertan izan zen irudiak eta adierazpenak biltzen. Iluntzerako albistea internet sarean ikusgai zegoen.

Oporraldian egonagatik ere, albistearen harian. Beharbada tokiko kazetaritza lantzen dugunon galbidea hori da: Mugarik ez diogula jartzen gertaeren aurrean informatzeko joera konpultsibo horri. Albisteen aurrean geldirik egon ezin eta azkenerako urte osoa daramagula albistea sortu den tokietara gerturatuz, irudiak eta adierazpenak bilduz eta horiei guztiei internet bidez aterabidea emanez. Andoainen Kaletxikiko etxe okupatuetan familia batzuk bizi ziren, eta sutea nahikoa gertaera deigarria zen oporraldia ahaztu eta bulegora albistea lantzera itzultzeko.

Uda honetan Villabonan Santio eguna bezainbeste gogoratuko dute abuztuaren 8ko arratsaldea. Hura bai udako arratsaldea, Villabonan eta eskualde osoan. Eguzkitsu hasi zuen eguna, baina arratsaldeko 16:00ak aldera zerua bat-batean ilundu eta izugarrizko euri zaparrada bota zuen. Kazkabarra ere bota zuen. Aiurrik minutu gutxira euri zaparrada ikusgarri hartako bideotxoa eskegi zuen webgunean.

Askoren artean jarritako bi adibide izan dira, Aiurrik internet sarean duen edizio jarraitua erakusteko baliagarri direnak. Adineko harpidedun askotxo dugu, harpidedun fidel eta irakurle finak direnak, aipatu ditudan Facebook edota Twitter entzun arren, ezagutu edota erabiltzen ez dutenak. Iraila hastearekin batera, paperezko edizioaren zain dira. Eta hementxe da paperezko edizioa. Paperezkoa iristerako, ordea, erredakzio taldean lanean aritu gara.

Askoren artean jarritako bi adibide izan dira, bai. Zeren eta gure webgunearen denbora lerroa ikusten jarrita, udako jaiei jarraipen zabala egin diegu. Herri eta auzo guztietako albisteak, egutegiak, argazkiak eta bideoak ikusgai daude. Santamañak, Santioak, Saninazioak, Sanestebanak, Sanrokeak, Andramariak,... Izarne Olano lankidearen lana aipagarria izan da, Aiurrikoon berriemaile berezia izan baita jai horietan guztietan. Flickr eta Youtube guneetan ehunka argazki eta dozenaka bideo ikusgai daude. Libre, denen eskura.

Uda honetan webgunean gehien nabarmendu den albistea uztailaren 31koa da. Egun horretan bost urte bete ziren Remi Ayestaran billabonatarra hil zela. Urteroko moduan, aurten ere omenaldia egin zioten herritarrek Santio jaietan eta omenaldi hartako bideoak ehunka bisita jaso ditu honezkero.

Ziur nago batek baino gehiagok egin duela, baina neronek irakurle gazte denei ariketatxoa egitea eskatuko diet: Etxean adinean gora doan aiurrizaleari Aiurriko erredakzio jarraitua zer den erakustea. Smartphonea, tablet-a edota ordenagailua piztu eta erakuts iezazkiozu Aiurrik udan argitara emandako argazkiak eta bideoak.

Aiurriren edizio jarraitua hein handi batean harpidetza-saria ordaintzen duten eskualdeko familia horiei guztiei esker baitago martxan. Haien ekarpenarekin urte osoan eskualdeko herritar guztien eskura dagoen informazioa lantzen ari gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!