Papera, grafikagintza eta kazetaritza

Jon Ander Ubeda 2014ko urt. 23a, 14:35

"Ezagutu ezazue zuen hiltzailea”, bota zuen hizlariak Informazio eta Komunikazio Teknologien jardunaldietan. Kazetariak adituari begira, paperik ez zegoen han. Hizlariak ordenagailua zuen eskuetan.

FlipBoard izeneko aplikazioaz hizketan ari zen, zeinak erabiltzaileak nahieran antola ditzakeen informazioa eskaintzen duten webguneen leihotxoak. Horrela irudikatu zuen etorkizuna: pantaila berean gogoko ditugun hedabideen nazioarteko zein bertako atariak eta norberaren sare sozialen leihotxoak. Eskuekin ukituko duguna papera ez den euskarri teknologikoa izango da.
Akabo papera, beraz. Aspaldian entzuten da. Gaur gaurkoz ordea, kazetaritza eta papera elkar lotuta dauden bi sektore dira.

Papergintzak indar bizia izan duen eremuan bizi gara. Tolosak hartu zuen fama, nahiz eta Tolosa inguruko herrietan altxa zen industria hura. Beharbada industri haren erorketaren zantzuak lehenagotik zetozen, baina ibaiak koloreak garraiatzen ikusi genuen haurrentzat bat-batean erori zen lanbide hura. Goizegi delako edo, iragan denbora hartako arrasto txikia geratzen da eskualdean. Akaso, oparotasuna berriro hona iristen denean, papergintzaren interpretazio gunea zabalduko dute inguruko udalerriren batean.

Inbertsio taldeen esanetara dauden talde ekonomikoek papergintzaren sektorea Europa hegoaldetik Afrika iparraldera eramatea erabaki zutenean, batek baino gehiagok papergintzatik grafikafgintzara salto egin zuen. Papera dagoeneko ez zen lehiarako materia, paperarekin egindako artea ordea bai: kartelak, liburuxkak, aldizkariak,... Hamarkada gutxi batzuk gehiago iraun du grafikagintzak, baina dagoeneko hura ere galbidean dagoen sektorea da. Isilean itzaltzen ari da. Adibide argia bizi dugu erredakzio taldean. Isilean doa aldizkari hau hamalau urtez inprimatu duen Sortu inprenta. Zizurkilgo Elbarrena auzunean dagoen inprenta txikiak bere ateak itxi zituen 2013a amaitzearekin batera. Sortzaileek papergintzaren urrezko aroa ezagutu zuten, eta baita grafikagintzaren loraldia eta itzalaldia ere. Egitura haiek dagoeneko gehiegikeria dira PDF, FTP edota ukimen bereziko pantailen aroan. Papergintzarenak egin zuen, arte grafikagintzarenak ere bai. Aditu madarikatuak arrazoi izango du, halakoren batean bagoaz gu eta gure hedabideen egiturak galbidera.

Isilik eta triste joan dira Sortu inprentakoak. Eta triste gaude Jesus, Ana eta lankideak horrela ikustean. Baten batek jubilazioa gertu du, beste batzuk lan bila jarri behar dute jubilaziorako adinera iritsi arte. Animoak, besarkada bat. Aiurrikoen aldetik, papera lekuko, gure esker-ona adierazi nahi diegu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!