Igandean ezin etxean geratu

Jon Ander Ubeda 2012ko urr. 3a, 10:32

Beharbada, lerro hauen irakurle, zu zeu ere astearen amaierara iritsi zara zure zereginetan murgilduta igandean Andoainen Kilometroak euskararen festa handia ospatuko dela ia ohartu gabe. Geroz eta estuago bizi gara asko eta asko, gertuko kontuez patxadaz jarduteko tarte gutxirekin.

Aiztondokoentzat gertu dago Andoain, oso gertu. Bada, egunaz gozatzeko aukera zabala izango da Andoainen.

Ibilgailua ahal dela saihestu beharko zenuke, irakurle. Aiztondotik Sorabillara bidean Balastrain-Matxinea industrigunean izango duzu tokia. Baina hobe da Zizurkilen trena hartzea, edota Villabonan busean sartzea. Ordutegia ugaritu egingo dute Kilometroak dela eta. Garraio publikoan bazoaz gainera abantaila izugarria izango duzu: ibilbidean bertan sartuko zara zuzenean.

Trenean bazoaz, esaterako, trenetik jaitsi eta zuzenean Kaletxikin bertan ibilbidean murgilduko zara. Metro gutxira Goikoplazako gunearekin topo egingo duzu. Zer esanik ez jendetza bilduko dela gune horretan, eta arratsaldeko izarrak izango diren Ingo al deu? Andoaingo musikariak zuzenean ikusteko aukera izango duzu. Arratsaldean-iluntzean inguru haietan ibiltzea komeni zaizu, etxera trenean itzuli nahiko bazenu.

Ez da bi aldiz pentsatu behar, Andoainen igande honetarako egitaraua oparoa izango baita. Etxetik ezertxo ere eraman gabe, otordua antolaketak egokitu dituen jantokietan egin zenezakeelako.

Bakarrik, edota koadrilan. Eta haiek beteta badaude, Andoainen jatetxe eta tabernak ez dira falta.
“On egin” da aurtengo lema nagusia, eta izenburuari jaramon eginez, antolaketak menu eskaintza zabala eskainiko du igandean. Tren geltokitik gertu, Martin Ugalde kultur parkeko gunean 16 euroko menua. Ikastolako kiroldegian, berriz, paella jatea 12 eurotan. Hori gutxi ez eta, ikastolan bertan sagardotegiko menua eskainiko dute 23 eurotan.

Garraioa eta otordua ez dira arazo, beraz. Zein da, ba, etxean geratzeko arrazoia? Nagia? Andoainen euskararen aldeko festa eta etxean geratu behar al duzu? Zaila dago, ba, esandako guztiarekin etxean geratzearen alde egitea!

Zatoz eta gozatu. On egin! Eta, mesedez, antolatzaileen eta bolondresen oharrei jaramon egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!