Euskaldunok behar dugu Euskaldunon Egunkaria

Jon Ander Ubeda 2010ko ots. 4a, 17:20

Aiurri hamaboskaria inprentan zegoela, eskualdera lurrikara modura iritsi zen 2003ko otsailaren 20a. Hura izan zen itxieraren eta atxiloketen eguna, alegia. Lehen unetik, Aiurriko erredakzio taldean Euskaldunon Egunkariaren itxiera kezka handiarekin bizi izan genuen. Ezin sinetsita, ezin ulertuta.

Ez ginen, ordea, eskuak gurutzaturik geratu. Berehala inprentara jo eta aldizkariko hirugarren orrialdean, banan bana eta tanpoi gorria erabiliz, “Euskaldunok behar dugu EUSKALDUNON EGUNKARIA” esaldia txertatu genuen. Bestalde, Egunkariko lantaldeari gure bulegoak eta baliabideak eskaini genizkion behar zutenerako.

Itxiera salatzeko Aiurriko erredakzio batzordea Manuel Larramendi Bazkuneko talde eragilearekin bildu zen. Ideia ezberdinak aztertu eta gero, bilera hartatik abiatu zen “Hitza eta doinua Egunkariaren alde” egitasmoa. Aiurriko lantaldeak egin zituen antolaketa lanak eta Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin musika eta hitza baliatu genituen Egunkariako langileei elkartasuna adierazteko. Hura 2003ko martxoaren 21ean izan zen, Egunkaria itxi eta hilabetera. Villabonako Gureako taula gainera igo ziren Joseba Tapia, Gorka Urbizu, Anari, Mikel Markez, Iker Goenaga, Txuma Murugarren, Imanol Ubeda edota Iñigo Muguruza musikariak. Eta idazleen artean, Juan Krutz Igerabide, Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain…, Egunkariko langileen izenean Juan Luis Zabala kazetariak ere parte hartu zuen.

Gurean lehenbiziko aldiz eskaini zen ikuskizunean oinarrituz Euskal Herrian barrena “Hitza eta doinua”, “Hitza eta dantza” eta antzekoak antolatu ziren hurrengo aste eta hilabeteetan.

Gertaera latz horietatik zazpi urte luze beteko dira laster. Epaiketa amaitzen ari da, sententzia iritsiko da gero. Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai…, haientzat absoluzioa besterik ez dugu espero. 2003az geroztik Auzitegi Nazionalean gezurra ari duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!