Edan eta edan, dantza eta dantza (I)

Jon Ander Ubeda 2009ko uzt. 14a, 20:36

Aurreko igandean, eguerdia zela, zerua urdin-urdin eta bero zakarra. Kirola egiteko gune aproposaren bila, Goiburu aldeko zuhaitzek eskainiko zidaten itzalaren bila jo nuen. Zumea plazatik oinez igo nintzen erretegiaren pareraino, handik korrika hasi eta Txertota inguratzen duen menditxoan itzulingurua egin nuen.

Oso itzuli polita da, lasaia, Andoaingo herrigunearen edota Leitzaran haranaren ikuspegi ederrak eskaintzen dituena, gainera. Korrika nindoala, Estafeta kalean korrikalariak zezenaren aurrean bezala ikusi nuen nere burua motor hotsak entzun nituenean. Entzierroan gehienek egiten duten bezala, alde batera egin nuen motorista taldeak aurrera egiten zuen bitartean. Ez ditut horrelakoak mendian gogoko, bertan arnasten den eta neronek eraman ohi dudan bakea hausten dutelako.

Motoristak nire paretik igarotzen ari zirenean Iruñeako korrikalari askori gertatzen zaiona gertatu zitzaidan niri: estropozu egin nuela. Ez nintzen lurrera erori, baina ozta-ozta. Erori zitzaidan kapera jaso eta metro gutxira eskuineko txonkatila okertu nuen. Motorzaleek erritmoa eta lasaitasuna hautsi zidaten. Gutxi lo eginda nengoen, hori ere aipatu beharra daukat. Maiz esaten diot nire buruari horrelakoetan hobe dela etxean geratzea. Baina etxean ezin egon eta kirol egitera ateratzen naiz maiz.

Kirolaren onurak aski ezagunak badira ere, niretzat hausnartzeko eta bakarrizketan aritzeko egoerarik onena da.

Eta hain zuzen, Goiburu aldean, bezperan Iruñean pasatako orduak buruan bueltaka ari zitzaizkidan. Eta, horregatik, halabeharrez ateratzen zaizkit zezenen eta motorzaleen arteko alderaketak. Musikak eraman gintuen Iruñeara. Ordu txikiak iritsi zirenean alde egin genuen, baina parrandarik egin gabe. Nolanahi ere, a zer nolako giroa!

Etxerako bidea hartu eta Andoainera iristean Ertzaintza zain genuen Sorabillako Mendiolan. Entzierroa ez, horri entzerrona deitzen zaio. Estafetan zezena alde batera uzteko aukera badago, Goiburun motorzaleei iskin egitea erraza da... baina Ertzaintzaren hatzaparretatik A15-ean behera ihes egitea ezinezko da. Ertzaintzak geratu eta “–Buenas noches” esan zion gidariari. Gidariak -neroni-, “–Bai, gabon!” erantzun. Eta horrela jarraitu zuen hizketaldiak:

“–¿Que, venís de Sanfermines?”, ertzainak.
“–Pués... sí”, gidariak.
“–Y... ¿Habèis bebido?, ertzainak berriro.
“–Pués, sí. Pero hace tiempo”, gidariak berriro.
“–...”, ertzainak.
“–...”, gidariak.
“–Oye, nada, podéis seguir adelante. Buenas noches”, ertzainak agur esan zuen.
“–Gabon!”, gidariak ere bai.

Gure aurretik baziren hiruzpalau ibilgailu geratuta. Eta, ziurrenik, gu izan ginen zortedunak. Nolanahi ere, gidaria sano-sano zegoen positibo emateko batere beldurrik gabe. Edatekotan, hobe ibilgailua ez hartzea.

Udan jaiak nonahi dira. Ezbehar eta istripu gehienak bigarren mailako errepideetan gertatu ohi direlako, irakurleok, adi udan! Tamainan edan, baina ez gidatu.
Istripuak izateko arriskuaz gain, Ertzaintzaren entzerrona saihestezina delako. Mirari modukoa gertatu ezean. Behin alkoholak jota gidatzen nindoala, Ertzaintzak geratu eta positibo eman nuen. Baina entzerrona hartatik libre irten nintzen. Nola? Tokatzen denean azalduko dut. Uda ona igaro. Edan nahi adina, baina ez gidatu. Ama Kandidak ere ez zaituelako salbatuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!