Ttipi ttapa, aurrera goaz

Jon Ander Ubeda 2009ko uzt. 2a, 11:27

Aiurri astekaria ostegunero banatzen den ostiralerokoa da. Hori baino zabalagoa da, bestalde, erredakzio taldearen informatzeko joera. Aldaketen garaia bizitzen ari gara erredakzioan. Lehenik aldaketa teknologikoa iritsi zen, adituek esango luketen bezala. Garai batetik hona kazetaritzaren eskema klasikoa jauzi egin da.

Orain bi edo hiru urte atzera eginez, urtearen sasoi honetan, Aiurriko kazetaria Axeri-dantza emanaldian edota Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ekitaldian izan ohi zen. Handik ordutara edota egunetara, paper formatuan argitaratzeko erredakzio lanari ekiten zion. Modu hura, ordea, www.aiurri.com gunearen birsortzearekin jauzi egin zen. Izan ere, teknologia berrien erabilerarekin faktore berria sartu zen tartean: berehalakotasuna. Eskuartean duen informazioa azkar batean landu eta konpartitzeko sena duen kazetariarentzat berehalakotasun hori zirraragarria da –antsietateak eta estresak jota ibiltzea, zeharkaltea–.

Informazioa helarazteko astebeteko tarte hori dagoeneko desagertu egin da. Webgunea orainkaria bilakatu baita. Ingelesez bikain adierazten den joerari erantzunez, gainera: we want the information and wa want it now. Internet bidez zabaltzen dugun informazioari paperari bezain besteko garrantzia ematen diogu dagoeneko. Ez gara inprentatik astekaria noiz etorriko zain egoten Ciclos Patxi taldeko Olatz Odriozola txirrindulariaren balentriak aditzera emateko. Aktualitatez beteriko informazio zerbitzua eskaintzen ari gatzaizkio eskualdeko herritarrari. Adibideak ez dira falta. Askoren artean bat aipatzearren: ekainaren 24an Sorabillako N-1 errepidearen zubian matxura izan eta horren ondorioz pasabidea hainbat egunez itxita egon zen. Bada, Aiurri.com  gertaera horren inguruan irudiak hartu eta informazioa eskaintzen lehena izan zen. Ezbeharra gertatu eta berehala.

Aldaketa teknologiko horretan, bigarren aroan sartu da Aiurriko lantaldea: Multimediarena, alegia. Eta horrek berarekin zirkoaren pareko triple salto mortal-a ekarri du. Gaur da eguna, Axeri-dantzako ekitaldira joan eta kazetariak informazioa lantzeko modua erabat aldatu duela. Elementu berriak kontutan hartu behar ditu. Kazetariarentzat egur bereko ezpalak dira Aiurri.com webgunerako berehalako albistea lantzea, argazki-bilduma txertatzea, astekariko kronika idaztea  eta bideoa ekoiztea  –antsietatea eta estresa areagotzea, zeharkaltea–.

Multimediara jauzi eginez, bigarren aldaketa teknologikoa bizi du Aiurrik. Egun hauetan gainera, areagotu egin da joera hori. Ez da inondik inora telebista digitala, baina Youtube kanalaren bitartez Aiurri.com gunean ekainaren 24tik ekainaren 29ra sei bideo ekoiztu eta zintzilikatu dira: Axeri-dantza, Haur danborrada, Pilota jaialdia, Erraldoi eta buruhandien konpartsa, Loatzok Mikel Laboari eginiko omenaldia Adunan, Asteasuko dantza-soka...

Dagoeneko ikusgai dauden hirurogeitik gora bideo horien artean adierazgarria izan zen Josean Perez Gabarain alkateak agur esan eta Estanis Amutxastegik kargua hartuko zuela iragarri zuteneko prentsaurrekoa. Minutu gutxira albistea webgunean gunean ipini genuen. Eta ordu eta erdira, prentsaurrekoaren bideoa eskegita zegoen.

Aiurrik kazetaritza lantzeko eskema klasikoa alde batera utzita, 2009an multimediaren aldeko joera areagotu du.

Eta astekariaz, zer esan? Bada, astekariak kazetaritzaren eskema klasikoa hauste horretan bidea ireki zuela. Hamaboskariaren osagarri bilakatu zen Andoainen, herriko informazio jarioa areagotzeko edukirik bazegoela sinestuta (kirola, udal politika, agenda...).

Astekaria dagoeneko Andoainen berritzaile izatetik klasiko izatera bilakatu da. Horri eutsi behar diola sinestuta nago. Eta zein zentzutan? Irakurle klasikoa asetuz. Zumea plazan herritarrak astekaria adi-adi irakurtzen ari direla ikusten dugun bitartean, helburu hori betetzen ariko gara. Zer irakurria ematen diogulako. Eta inon baino lehen, gainera, Aiurri astekarian: Gabino Agudo EA-Alkarbide aferari buruzko adierazpenak eeginez, Santakrutzetan labankada jaso zuen gaztearen albistea eta Udalak akusazio modura aurkezteko erabakiaren informazio zaindua emanez, Juantxo Arregiri elkarrizketa eskainiz... astekaria erakargarri bilakatzeko edukiak landu behar dira.

Idatzi honekin adierazi nahi dudana zera da: informazioa eskaintzeko biderkatze prozesu horretan, papereko nahiz webguneko hartzaileak asetzen asmatu beharra dago. Hor dago gakoa, eta erronka nagusia. Hartzaile klasikoak astekaria irakurriz gozatzen jarraitu behar du. Baina bada beste hartzaile moeta bat, gazteagoa, albisteak pantailaren aurrean eta multimedia formatuan atsegin dituena. Horri begira ere lan egin beharra dago. Tokiko eta euskarazko hedabideok ezin dugu atzean geratu.

Aiurri astekariaren 200. zenbakiak lanean harrapatu gaitu. Albistea, beraz, zenbaki hartatik haratago doa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!