Zer moduz bizi zara Andoainen?

Jon Ander Ubeda 2009ko uzt. 2a, 11:25

Tarteka, Garbiñe Agirre kultur teknikariak egiten didan galdera da. Andoaindar bilakatu naizen bost urte hauetan ondo bizi naizela esan dezaket. Horixe da Agirreri erantzuten diodana. Hortik haratago, tira, Tolosatik nator eta hori asko esatea da. Andoainen ederki nago baina neu tolosarra naiz.

Sentimendu hori hitzetan azaltzea kosta egingo litzaidake. Ez badiot sekula esan ere, biziki eskertzen diot Garbiñe Agirreri tarteka egiten didan galdera. Nirekiko ardura erakutsiz, bera andoaindarrra izanik ni Andoainen ondo egotea desio duelako. Pentsatzen dut herritartasuna oso barruan daramagula denok urnietarra, andoaindarra ala tolosarra izan. Bereizten gaituena, ziurrenik, herriarekiko agerian uzten dugun harrotasuna da. Donostiarrak, azpeitiarrak, tolosarrak... antzeko gara harrotasun hori agertzen. Jokabide aktiboa dugu eta horrek inguruko herrietako askoren ezinikusia sortarazten du.  

Aldea badago. Tolosar askok harrotasun aktiboa erakusten duen bitartean, andoaindarrena pasiboa delakoan nago.

Harrotasun hori umiltasun faltarekin nahasten da maiz, eta nago ez dela hori kontua. Estanis Amutxastegi alkate berriak kargua hartzerakoan umiltasuna aipatu zuen. Eta hurrengo egunetan egin nion elkarrizketan Andoain herri umila zela adierazi zidan. Zer esan nahi duen ulertzen dut, apaltasuna edo umiltasuna asko estimatzen dudan jokabidea da gainera. Baina herritartasunaz ari garela ñabardura egingo nioke; andoaindar izateaz harro zaudela adieraztea eta umila izatea elkarren osagarri dira. Bereziki, harrotasun hori modu positiboan adierazten denean. Ni neroni tolosar izateaz harro nagoela ozen aldarrikatzen dut... inauterietaz ari garenean. Ezin uka nirea pisuzko arrazoia denik.

Badira, bestalde, tolosartasuna modu bilbainoan adierazten dutenak. Ez dira gutxi, eta hori ez dut hain gogoko. Adibide baten bidez azaltzen saiatuko naiz. Andoainera bizitzera nentorrenean adiskide baten aitak aipatu zera aipatu zidan; "–Baina, zertara zoaz bada Andoainera! Herri horretan urtetan egin duten onena autobidea eraikitzea izan da eta! Herri barrutik ez igarotzeko...". Gizonak tolosarren artean nengoela egin zidan aipamena, zer esanik ez algaraka jaso genuela komentario hura. Ezin meriturik kendu, txispa handiko bilbainada izan zen.

Gauzak, ordea, asko aldatzen dira pasadizo horren kontakizuna andoaindar bati egiten diozunean... lankideek jarri zidaten aurpegia ikustekoa izan zen. Eta segidan aktibatu zitzaien Andoain herriarekiko harrotasuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!