Herriko gustoko txokoa

Jon Ander Ubeda 2009ko uzt. 2a, 11:23

Azken udal hauteskundeetako kanpainan hautagaiak elkarrizketatzeko aukera izan nuen, orain bi urte. Irakurlearentzat elkarrizketak beste xarma bat izan asmoz, agerikoak diren galderen atzetik ez ohiko beste batzuk egitea erabaki nuen.

Horien artean Andoaingo txoko gustokoena zein zuten galdetzea bururatu zitzaidan. Eta, hara non, erantzuna berbera izan zela kasu guztietan. Ez sinestekoa, baina bai, berdina eta bakarra izan zen denen ahotik jaso nuen erantzuna: Leitzaran harana. Kontxo, goroldiorik ez zaio itsatsiko trena igarotzeko eraikitako harri bideari! Banan bana, hauexek dira jaso nituen erantzun zehatzak: “Askoren artean Leitzaran, Trentxiki… pasiatzeko ederra” (Gabino Agudo, EA), “Leitzaran, zalantzarik gabe” (Josean Perez Gabarain, PSE-EE), “Leitzaran haraneko Sorgiñen zubia (sic)” (Sergio Barreiro, IU), “Leitzaran erakargarria zait” (Juan Carlos Cano, PP), “Leitzaran ibaiaren edozein txoko” (Iñaki Egibar, EAJ). Tira, fronteak hain modan dauden garai hauetan zeozertan bat egiten dutela pentsatuko duzue zuetako askok. Ba bai, horrela da. Gutxienez, badakigu Juan Carlos Cano eta Iñaki Egibar zeozertan ados badaudela. Udal batzarraldietan elkarri mokoka nola dabiltzan ikusita, ez da gutxi.

Bitxia da, bai. Denek bat egiten zuten. Eta ez nolanahiko gaian, gainera. Gertutasunarekin eta afektibitatearekin zerikusia duen kuestioan bat zetozen guzti-guztiak. Gauzak horrela, eta pentsatzen jarrita, gertaerak imajinazioa piztera dakar: Udal batzarraldiak Unanibian egingo balira… Ez gaude, ordea, Disneyn. Andoainen gaude.

Nago, horrelakoetan, politikoek iritzi publikora topikoetara jotzeko ohitura dutela. Hau da, benetan pentsatzen duten hori esan beharrean, herritarren aurrean Leitzaran aipatzean jator geratuko direlakoan daudela.

Eta alde horretatik, aipatzen ari naizen harira datorren beste adibide adierazgarri bat emango dizuet. Agur esango digun alkateak apirilaren hiruan bere ondorengoa aurkezteko prentsaurrekoa hastear zenean kazetariari erantzun ziona gogora ekarriko dut. Telebista, irratia, prentsa idatzia… dozena erditik gora izango ginen prentsaurrekora kazetari modura Udaletxera joandakoak. Argazkilariei eta bideokamarei prestatzeko denbora ematen zitzaien bitartean, isilik egon ezin eta kazetari guztien artean alkatearengandik gertuen zegoenak “–beraz, hemendik bazoaz” bota zion alkateari. Igogailuan bizilagunak “–eguraldi ederra, gaurkoa” botatzen duen bezalaxe. Alkateak zera esan zion, “–ezta pentsatu ere. Kontxako pasealekuan paseatzen dut egunero, hori bezalakorik ez dago”.

Leitzaran haranaren aipamenik ez. Zergatik izango zen? Kazetaria Donostiatik zetorrelako, agian? Erantzuna ere, igogailuan botatzen diren horietakoa zela pentsatu nuen neronek. Apostu egingo nuke gremiokidearen ordez galdera neuk egin izan banu zera erantzungo lukeela: “–ezta pentsatu ere. Leitzaranen paseatzen dut egunero, hori bezalakorik ez dago”.

Udal hautagai guztiek Leitzaran gogoko dutela argi utzi zuten, hasieran aipatu dizuedan bezalaxe. Benetan hori uste dutela pentsa genezake. Edota jator geratu nahi horretan topikoetara jotzen dutela pentsa genezake ere.

Gustora egingo nieke berriro galdera bera 2011ko udal hauteskundeetako kanpainan. Zer nolako erantzunak topatuko zenituzkete Aiurriko elkarrizketa horietan? Ur kanalaren ibilbidea, Goiburuko mendibideak (beste baterako Goiburuko bidean gora burura datozkidanak), Aizkorriko eta Adarra mendi tontorrera iristeko bidea… Andoaingo txoko ederrak horiek guztiak. Leitzarandik haratago, lanbroak ezkutatzen duen bazter ugari dago. Maite ditut maite.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!