Parte hartzeko bideak

Jon Ander Ubeda 2009ko uzt. 2a, 11:22

Oposizioko lehen indarrak udal aurrekontuak osatzeko prozedura ez dela parte hartzailea izan aurpegiratzen dio alkatetzari. Batzorde ezberdinetan eztabaidatu gabe batzarraldian aurkeztu dela, bere onarpenerako. Eta alkatetzak, zera erantzun: zozoak beleari ipurbeltz.

Oposizioko lehen indarrak ez duela, lehen egiten zuen bezala, aurrekontua osatzeko proposamen bakarra aurkeztu. Kritika egin duenari, kritika ordainetan. Galderak airean geratzen dira. Orduan, aukerarik ez al da egon aurrekontuari proposamenak aurkezteko? Eta oposizioko lehen indarrak ekarpenak egiteko ez al du ba lanik hartu?

Aurrera doa urteko udal aurrekontuaren eztabaida. Atal bakoitza dagokion lansailetako arduradunekin eztabaidatua izan dela dio gobernu taldeak. Baita aurrekontuaren lehen partida ere, udal langilegoaren gastuari dagokiona, alegia. Langileen ordezkariekin adostua izan dela adierazi dio Gobernu taldeak oposizioari, eta hori horrela bada, amen. Zer esaterik ez dagoela. Soldatatan doazen milioika euro horiek, beraz, bere logika badutela. Lan hitzarmengintzan deitzen zaion bake soziala hori izango al da?

Udalgintzan urteko aurrekontu proposamenaren eztabaida eta bozketa garrantzia handikoa da. Eta eskualdean, inon baino lehen, Andoain izan da 2009ko udal aurrekontua onartzen lehenetakoa. Oihartzun eskasa izan du, ordea. Hedabideetan gaiari tarte txikia eskaini zaio eta ahoz ahokoan, are gutxiago. Hutsa zegoen eta batzarraldi aretoa, nola ibiliko da ba gaia bolo-bolo?

Eta jendea hurbildu izan balitz, zein izango litzateke  jasoko luketen inpresioa? Batzarraldian parte hartu zuten guztiek ariketa hori egin beharko lukete. Oso nahasia delako informazioa emateko aukeratutako modua eta horren harira sortutako eztabaida. Urteen poderioz batzarraldian izaten garen kazetariok oinarrizko informazioa bildu eta hura ematera mugatzen gara. Modu beretsuan, denok ere.

Nago, udal ordezkari deneri ere, oharkabean oinarrizkoa ahaztu zaiela. Udal langileak, lansail arduradunak, oposizioa, gobernu taldea eta alkatetza… Orain arte irakurtzen aritu bazara horiexek dira zutabe honetan agertu diren protagonistak. Eta herritarrak, non dira herritarrak?

Tira, ez da burua estutu behar parte hartzea bultzatzeko. Otsaileko azken ostegunean goizeko bederatzietan batzarra egingo den iragarkia argitaratzeaz haratago, herritarren parte hartzea sustatzeko gehiago egin daiteke. Jakinik, gainera, euskal gizarteak pairatzen duen gatazka ankerrak Udala bunkerizatu duela. Bizkartzainak, sarbideko segurtasuna… Horrek guztiak, halabeharrez, hor iraungo du mehatxuak indarrean irauten duen bitartean.

Aurrekontuen harira, esandakoa, parte hartzearen aukera ez litzatekeela baztertu behar. Iazko otsailean bada aurrekari polita, Andoaingo Hiri Antolamendu berriaren ingurukoa. Herritarren aurrean zalantzak argitzen saiatu ziren plangintzaren erredaktoreak, udal arkitektoa eta Andoaingo alkatea bera Bastero kulturgunean. Ordu eta erdiz azalpenak jaso eta nahi adina galdera egiteko aukera izan zuten herritarrek.

Modu beretsuan, zergatik ez auzoka bilera bana deitu, urtean behin, proposamenak jaso eta irizpideak elkar trukatzeko? Edota zergatik ez teknologia berrien erabilera baliatu, “Udal aurrekontuak-bulego birtuala” titulupean adibidez, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten? Saiakera horiek guztiak alperrikakoak direla erantzungo didazue zuetako askok, gizartea anestesiatuta bizi dela argudiatuz. Bada, hori horrela pentsatzen dutenak askotxo direla dakidan arren, saiatzeak merezi duela esan dezakete beste askok. Nik neronek bestela, herritar modura, udal aurrekontuaren eztabaidan dena lanbrotute ikustot.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!