Kantagintza: kantu zaletasunaren trebezia

Xabier Lasa 2009ko eka. 30a, 20:20

Azken urteotan ohikoa da 70/80 eta lehenagoko hamarkadatako musika eta kantagintzaren izenik nagusienak behin eta berriz errepikatzea eta arrakasta handiz gainera: garai bateko nostalgiak betetzen ditu lepo areto, kiroldegi eta futbol zelaiak…, telebista eta irratiak… Euskal kantagintza ez da albora geratu eta, zentzu horretan, normaltasunaren bidean dagoela esan dezakegu: Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo “Geu Gira”  honen lekuko.

Munduko hizkuntzetan, ordea, “betiko izarrez” gain, belaunaldi erreleboa etengabekoa izan da, Euskal Herrian ez bezala: bertso inprobisatu eta kantatuaren munduko erreferentzia den lurralde honetan, kostata zabaldu dituzte bideak bi eskuko atzamarrekin konta ditzakegun kantari apurrek… Nostalgiaz eta nostalgiatik bizi ote gara?

Kantuan hezi garenok, eskolan, herriko koruan eta beste nonahi kantatu izan dugunok askotan komentatzen dugun gaia da hau, asko kezkatzen gaituena, neurri handi batean etenda eta hautsita ikusten baitugu ondare honen biziberritzea eta beraz, euskal kulturaren erreferentzia falta eta galera belaunaldirik gazteenengan.

Asko izan daitezke kantatzeko ohitura (eta jakinduria) berreskuratzeko neurri eta ekitaldiak baina garbi dago, txikitan, umetan eta gaztetan kantatzen ez duenak ez duela nahikoa trebezia lortzen euskarazko kantuak ezagutu eta lagunartean kantatzeko.

Ohikoak egiten ari dira kantu kalejirak: papera eskuetan hartu eta herri nahiz hirietako kale eta auzunerik “zaharrenetan” kantatzera biltzen dira herritarrak. Joan zen igandean, esaterako, Hernanin ginen goizeko 07:00etan “aurorak” kantatzen Hernani, Ereñozu eta Goizuetako lagunekin: eguzkia begien parera altxatu eta horrek dakarren logura gozoan ez erortzeko, doinua aldatu genuen eta “norbait” Egun da Santimamiña jotzen hastearekin berpiztu ziren animoak: “hau bai…, bazen eztakit zenbat urte entzun ez nuela…” , eta horrelakoak esaten ziren…

Urte gutxitan lortu da kantu zaharrak ahaztu eta berririk ez sortzea edo berriengatik nahikoa ez egitea denok, esfortzu handirik gabe ikasteko (salbuespenak salbu, noski). Kantari bat hasi edo abesti berri bat sortu orduko, beste batzuekin egiten den bezala etengabe jardungo balute irrati, telebista, internet eta horrelakoetan, nahi gabe ere mundu guztiak ikasiko lituzke. Baina txiki-txikitan ez ezik, koskortu eta gaztetzen direnek ere eskolan eta herrian kantatzen ikasiko balute, beste oilar batek egingo luke kukurruku. Ez da izango gazteek musika entzuten ez dutelako! Gertatzen dena da, euskal kantu gustuko edo ezagunik eskuera ez izateak, beste iturrietara eramaten dituztela.
Kantari jarduteak, kantatzen ikasteak, kantu zaletasuna sortzen du eta zale guztien artean kantari on eta esanguratsu batzuk. Aspaldi konturatu ziren bertsolariak: bertsolari berri eta gazteak sortu behar dira baina, batez ere bertsozaleak dira ugaldu beharreko, saio arrakastatsuak egin ahal izateko eta bertsozale guztien artetik bertsolariren bat beti sortu dadin ahalbidetzeko. Kantu eta musikazaleak, antzerki eta zine zaleak, irakurleak, bertsozaleak eta abar hezten ez badira, nekez sortuko dira idazle, aktore, musiko edo kantugile nahiz bertsolariak, ugaritasunetik sortzen baitira gero kalitatea eta erreferentzia izateko gai diren artistak.

“Ansa ahizpak ezagutzen al dituzu? Harrigarri ondo kantatzen ditek, asko gustatzen zaizkit” –esan zidan lagunak Goiko plazako kiosko ondotik pasa eta oholtzan zeudenak zeintzuk ote ziren galdetzen genuen bitartean. Entzun ere ez ditut egin…, bazirenik ere. Penagarri!

Zertarako ditugu irrati, telebista, internet eta antzekoak? Michael Jackson hil da eta korreoa bete didate haren kanta eta bideoekin… Mesedez, norbaitek ba al dauka Ansa ahizpen grabaziorik?! Eskertuko nuke nahiz eta Michael Jackson gustatu izan zaidan eta gainera “kintakoak” garen, zinkuentaiotxokuak alegia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!