Ikusten ez den musika... Ez da ikasten

Xabier Lasa 2009ko ots. 18a, 13:38

Iaz garai honetantsu aipatu nuen hementxe bertan urte sasoi honek musika aldetik Euskal Herrian eta euskal herritarrontzat duen garrantzia edo presentzia. Neguko festak oso ospatuak izan dira..., eta dira oraino, batez ere neguaren gorritasunari, iluntasunari eta etorriko den sorberritzeari aurre egin ahal izateko.

Musika diodanean, ez naiz soilik instrumentuez hoskatzen denari buruz ari: ahotsa da gizakiok dugun instrumenturik oinarrizko eta funtsezkoenetakoa eta, beraz, edozelako kanta da, zalantzarik gabe, herriak bere musika adierazpena egiteko duen tresna garrantzitsuenetakoa. Hala, Gabon eskea, Donostiako danborrada, Santa Ageda bezpera, Kaldereroak, Iñauteriak..., musika eta kantuz bete-beteak datoz urtero errepikatzen den giza ekitaldi nagusienetakoan. Urte sasoi honetako musikaren inguruan eta honek eraginda datoz norbanakoaren asmo berrien eta talde sentimenduaren sendotzea.

Izan dira urte batzuk ohiturok kili-kolo izan ditugunak: talde gutxi kaleetan, gutxi prestatuta, hala moduz gauzatuta... Baina azken urteotan ugaritze eta berritze baten aurrean gaudela esango nuke partaidetzari eta ugaritasunari begira behintzat: kantua oso garrantzitsua da haurraren (eta zaharragoon) musikaltasunaren heziketarako, norbere folklorean oinarritutako kantua izan zelarik adibidez, Zoltan Kodàly hungariar pedagogoak abiapuntutzat hartzen zuena.

Baina musikaltasunaren heziketari buruz dihardudalarik, ikuspegi hau osatu nahiko nuke gaur egun oso entzutetsu eta oso erabilia den SUZUKI metodoa ekarriz. Pedagogia hau (bere garaian eta egun ere berritzaile gisa daukaguna, adibidez Dalcroze edo Orff, Willems edo Wuytack-enekin batera), Shinichi Suzukik sortu zuen eta eragite gunean haurra baldin badago ere, ezinbesteko izaten da gurasoen (gurasoetako baten) partaidetza.

Hauxe da hain zuzen oraingo honetan azpimarratu nahiko nukeena: alegia, haurrak kantuan edo musika instrumentuz jotzen “ikustea” baino hezigarriago eta lagungarriago dela gurasoek ere ondoan jardutea, beraiekin kantatuz edo musika joaz. Haurrak kantuan ari direlarik gurasoak ondotik begira baldin bagaude (askotan gainetik esango nuke, haur taldea ikusi ere egiten uzten ez dugularik geure argazki kamera, bideo...), haurraren partaidetza une jakin batekoa dela irakasten diogu, baina ez dugu hezitzen. Beraz, datorren urterako, gurasoak ere jar ditzagun haurrekin batera kantari. Posible da blusa edo mantalaren azpian argazki kamara bat eramatea edo zahatoa bideo kamaragatik aldatzea..., hori ez da arazo izango eta gainera, “momentu historiko eta polit hori” familia osoarena izatea lortuko dugu, denok aterako gara argazkian!

Duela gutxi Xabier Zabala (askorentzat ezaguna “Maite zaitut” abestiaren egile delako) musikari eta musikagileari egindako elkarrizketa batean berak zioen, Zarauzko Musika Plazan bizi eta musika “leihotik sartzen” ikusten zuela. Duela hilabete batzu, Andoaingo Bandaren hainbat datu prestatzen ari nintzela, Angel Urrutiari galdetu nion nolatan aitona Angel eta aita ere Angel izanda, biak hala biak bandako kide, ez zuen berak bide berbera jarraitu: “Txikia nintzen aita hil zenean eta nik ez dut etxean musikarik ikusi”, erantzun zidan. Izan ere, ikusten ez den musika ez da ikasten.

2009/2/20

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!