Santa Krutz... Martxa!

Xabier Lasa 2008ko abe. 2a, 18:34

Denon ahotan dago aurtengo Santa Krutz festek zernolako arrakasta izan duten. Zalantzarik gabe, eguraldiak asko lagundu du. Bestalde, asteburu bakar baten bueltan (zubi eta guzti) suertatu dira aurten... Baina arrakasta horren “beste” arrazoirik ere topatzen dut nik: festa aukera egun argitan ere izatea eta taldeen, Andoaingo talde askoren inplikazio eta dedikazioa.

Urtetan izan dugu Santa Krutzak (eta beste festa batzuk) gauez bakarrik izaten ziren sentsatzioa. Agian ez da egia osoa, baina zenbat aldiz ikusi izan dugu jendea atzera eta aurrera eta kalean ezer ez. Aurten, ordea, makina bat aukera izan da festetan parte hartzeko edo festa giroan paseatzeko egunean zehar (eta gauez ere bai, pentsatzen dut, neroni asko ibili ez banaiz ere). Hori guztia andoaindarren mesedetan, Zumea eta Etxeberrietako makina bat guraso gazte eta seme-alaben gozagarri, zalantzarik gabe.

Ezpatadantza eta dantzarien saioa, musika topaketa, txaranga, banda, danborradak, trikitixa, eskusoinu, dultzaina, txistu, kamioi, bertsolari edota abesti kalejira...noizdanik horrelakorik! Pablo Alkortari eginiko omenaldiak ere musika eta kantua izan zituen protagonista: “El Rey” eta “Urepeleko Artzaina” (Xalbadorren heriotza izenburu ofizialean). Zenbaitetan ekitaldi bat baino gehiago aldi berean eta leku ezberdinetan eta..., jendea denetan!

Jakin badakizue aspaldi xamarrean idazten dudala txoko honetan eta musika izaten dela idazgai. Baina oraingoan ez nituzke beste ahalegin batzuk ere ahaztu nahi: “xelebre” karrera, goitibeherak, erreka jaitsiera, kros lasterketa..., eta etxera joan behar izateko aitzakiarik izan ez genezan, sardina, talo, sagardo, txakolin, txokolate..., zer ez da izan aurten!

Asko disfrutatu ditut aurtengo Santa Krutzak eta kalendarioan apuntatuko ditut badaezpada, ez dadin aurtengoa ale bakar izan.

Festa ahalegina ez da, ordea, lau egunetakoa izaten. Urte osoan zehar begiratu beharko genioke festari eta festak egin beharreko elementu ezberdinei. Elementu diot, oso izakera eta egoera ezberdinetakoak direlako. Batetik, gure gozamenerako prestatzen den hainbat eta hainbat kirol, musika, dantza, jolas eta abarren egoera urte osoan: ez da izango animo eta babes handirik jasotzen dutelako urte guztian. Bestetik, ahalegin handi bat den-denok inplikatuta egon behar genukeena: “beheko kalea”ren egungo egoera. Zerbait egin behar da eta azkar. Garai batean festa gune nagusi izaten zena (beste batzurekin), ikusi egin behar da nola dagoen kale hori! Utzia, zaharkitua, denda eta tabernarik apenas badagoen... Eta ez da izango bertako merkatariek ahaleginik egin-egiten ez dutelako: nire ustez, behekokalearen egoera tamalgarri horren erantzule guztiok gara eta guztion lotsagarri da. Jar gaitezen denok behekokalearen alde, eman diezaiogun bizia eta bihur dezagun harro egoteko moduko lekua. Hori ezean, denok agertzen gara ajolagabe eta utzikerizko.

Hurrengo festetarako behekokale bizia eta txukuna nahi dugu, urte guztian izan nahi dugu herri, urtean behin festak ospatzeko.

2008ko maiatzaren 23a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!