Zein den ona eta zein txarra esatera ausartzen?

Xabier Lasa 2008ko mar. 6a, 10:34

Henry Saint Clair Fredericks (New York, 1942) “Taj Mahall” ezizenaz ezagunago dena, musikologo, sortzaile, kantautore eta pianojolerik ezagunenetakoa da blues musikaren munduan. “Ez duzu balio..., ez duzu sekula pianoa jotzen ikasiko...,  hobe zenuke...”, eta horrelakoak esaten omen zizkion bere irakasleak. “Mahall”-ek, badaezpada, albaitaritza ikastea erabaki omen zuen orduan, nahiz eta bizitza osoan egun bakar batean ere ez zuen ikasketa horiei lotutako beharrik egin. Berarentzat pianoa zen pasio eta zerumuga bakarra, eta horretan eman ditu 50 urte baino gehiago mundu osoan ospea lortuz.

Zein erraz egiten dituzten batzuk horrelako juzkuak, zein ausart azaltzen duten beren burua eta ondokoari esan “zuk ez, zu txarra zara...”. Gero historia, “Taj Mahall” bezalako kasuekin bete-betea dator, baina hala ere lezio hori ez dute ikasten eta denen gainetik egon nahi izaten dute zeinek bai eta zeinek ez duen balio “sententziatuz”.

Orain gainera, belarri ertzera ezezik, publikoan agertzera ere ausartzen dira eta oso modan jarriak daude zeinek bai eta zeinek ez duen balio esateko telebista programak: benetan lotsa eta pena ematen dit, lotsa eta pena ematen didate besteen aurrean eta bizpahiru “txoropito”ren hankapetan beren ametsak jartzen dituzten milaka eta milaka gazte horiek... Ez dago eskubiderik.

Txiki-txikitatik, eskolako kirol taldeetan ere, hautua egiten da: zein den ona eta zein txarra. Eta horren arabera batzuei aukera ematen zaie eta besteei ateak itxi. Badirudi batzuk dena jakinda jaiotzen direla eta beste batzuk, gainera, ezer ikasteko gaitasunik ez dutela. Batzuri bidea errazten zaie eta zailtasunak jarri besteei.

Onenekin jarduteak abantaila bat bide du: ez duzula ezer erakutsi beharrik, nola dena badakiten! Eta hori da hain zuzen “pontifikatzaileek” bilatzen dutena: beraiek ere ezer erakusteko alferrak izan eta hobe onenak aukeratu eta berehalako arrakasta bilatzea. Gero gerokoak. Inora iristen ez bada, errua besteena izango da, baina “begi ona” berena.
Nire esperientziak erakutsi dit, ordea, aldez aurretik “onenen artean” kokatzen denak ibilbide laburra izaten duela, errazkerian ohituta, inork baino aukera gehiago izatera makurtuta, bere ontasunean (edo onkerian esan beharko!) eroso bizitzen ikasten duela eta amets egiteko gaitasuna galtzen duela, eskutara iristen baitzaizkio besteentzat lortzea zail diren gauza gehienak.

Ni-neuk nahiago dut ordea, zerbaiten bila abiatzen dena, ametsak buruan darabilzkiena, saiatua dena. Besteak beste horrek, ondokoari laguntzen ere ikasten baitu ulertuta, inor ez dagoela aldez aurretik ona edo txarra izatera “predestinatua” eta gutxi balio izaten dutela guraso, irakasle eta horrelakoen lisontxa eta errazkeriek.

Den-denok beharko genuke aukera bat eta nagusia: ikasi eta jardun ahal izatekoa. Zer esanik ez ume edo gaztetan. Agian bakarren bat konturatuko litzateke, gogor saiatuz gero, onak eta txarrak denak hartu eta haiei erakusten jardunez gero eta heziketaren helburua lor daitekeen arrakastan ez baino pertsona berarengan jarriz gero, ia denak irits daitezkeela ametsak lortzera...

Garrantzitsuena? Ametsen bat izatea. Eta dena badakitela uste dutenek, hobe lukete inguruko ume  eta gazteengan ametsak eragitea egunen batean nahi duten hori lor dezaketela irakastea inori aurrean eta jaio orduko pareta itxu eta eraman ezin dituen zamak jarri gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!