2007: Herri musikaren uzta oparoa

Xabier Lasa 2007ko urr. 17a, 19:41

Duela urte pare bat jarri genuen martxan “Jujuy musika ekimena”. Egunen batean luze-zabal azaldu beharko da ekimen honen nondik norakoa baina oraingoz esan dezadan, “Jujuy”ren helburu nagusia “musikak gizartean eta gizartearentzat duen lekua eta garrantzia aldarrikatzea” dela.

Helburu horrekin abiatu dira hainbat herri ekimen, hots, herriko, inguruko, lagun arte eta abarreko musikariz “informalki” bada ere sortutako taldez osatuak.
Taldeok ez dute musikaz gozatu eta goza araztea beste helbururik eta horrekin batera, saiatzen dira belaunaldi eta adin ezberdinetako musikariak biltzen: asmoa zabal eta irekia da, begibistan denez.

Aurtengo urteari begira, fruituak ematen hasia dela esan dezakegu: asko izan dira musika ekintzak eta, neurri batean, astekari honetan Urnietako Sanmieletako ekintzen artean azpimarratzen zen bezala, “ezinbesteko elementua da musika festetan”.

Ez da nire helburua musikaren egoera orain eta hemen aztertzea. Musikak azken urteotan zergatik piskanaka kalea utzi duen edo zergatik “kanpoko lilurak” etxekoa baztertzera eramaten gaituen adieraztea (zaharra da esaera: “urrutiko intxaurrak...).

Esan dezadan, ordea, pozik nagoela musika eta herriko musikariek piskanaka bada ere lortu dutelako (lortzen ari direlako) behar duten lekua bai ekitaldietan eta baita komunikabideetan ere. Orain falta zaigu bere ahalegina ezagutu, ulertu eta txalotzea... Ez da gutxi! Santa Zezilia, Gabonak, Ihauteriak, Santakrutzak... musikaz bete nahi izan ditugu, herri musikaz... herritarrek herritarrontzat eginak, jakina.

Inor oraindik konturatzeko baldin badago, urrutira joan gabe, badago www.aiurri.com gune elektronikoan  argazki kolekzio ederra: musika uzta oparoa. Ea horrela jarraitzen duen eta pixkanaka gehitzen ahal bada... Santa Zeziliarako daukagu hitzordua: zabaldu eta gozatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!