Andoain, musika topaketa

Xabier Lasa 2007ko mai. 4a, 12:28

Santakrutz egunak bildu ditu tradizio, instrumentu eta izaera ezberdin askotako 100 musikari baino gehiago, emozioz eta andoaindartasunez betetako ekitaldian, aniztasun hau Joxemari Oiartzabal maisuaren zuzendaritzapean berdintzea lortu delarik. JUJUY taldeak eraginda eta hainbat eta hainbat pertsona eta lankidetzari esker lortu ahal izan da Andoainen inoiz egin ez dena: itxuraz oso ezberdin irudi daitezkeen instrumentuak asmo bakarraren zerbitzura jartzea: musika.

Musikariok ekintza honekin aldarrikatu nahi izan duten beren lekua eta beren zeregina Andoaingo festetan eta gizartean: musikariak herrikoak eta herriarentzat dira eta nahiz eta bere egunerokotasuna esfortzuz eta bakardadez betea egon, gizartean baino ez dute ulertzen beren eginkizuna, gizartean baino ez dute piztu ahal izaten musikak sortzen dituen sentimentuak.

Are zailago da ulertzea horrelako ekitaldi erraldoi baten aurrean, nolatan Andoaingo Udalak oztopoak baino ez dizkien jartzen bai beren ikasketarako eta baita beren jardunerako, besteen aurrean ikusi arazi nahiz, musika ikastea bakarkako ekintza dela, norberak bere kasa eta bere interesez ikasten duen zerbait! Argi dago Andoainen asko eta asko direla musika zale eta ikasleak eta laguntza gehiagorekin are gehiago izango liratekeela.

Esperientzia hau eta gero garbi geratzen da musikak herri bat eraiki eta eraldatu dezakeela emozio eta sentimentuen bidez eta gaur parte hartu dutenek asmo sendoa dutela aldarrikapen hauekin jarraitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!