Zinezko musika

Xabier Lasa 2007ko mar. 13a, 11:12

Inork ez dit ukatuko, batez ere azkenaldi honetan, zenbaterainoko “atentzioa” deitzen diguten filmetako musikek. Filma, protagonistak, zuzendaria…, hauek bezain hizketagai izaten dira musika hauek nahiz eta askotan jakin ere ez zeinek konposatuak edo joak diren. Agian “Los chicos del coro” izan daiteke azken fenomenoa… Gai horren inguruko bi mutur azaldu nahi ditut; hari bakarraren bi mutur non hasi eta non bukatzen den jakin ere ezin direnak: Ennio Morricone. Aski ezaguna bai bere izena eta baita bere obra ere. Agian zine munduan konposatzailerik ezagunena. Zeinek ez ditu gogoan: “Por un puñado de dólares”, “La muerte tenía un precio”, “El bueno, el feo y el malo” (Sergio Leone) edo “Sacco e Vancetti” (Giuliano Montaldo), “Los cuentos de Canterbury” (Pasolini), “Atame” (Amodóvar), “La Misión” (Roland Joffé) eta abar eta abar luze bat, oraintsu Morricone handiari Oscar berezia eman dioten arte bere obra guztiagatik. Zalantzarik gabe esan daiteke, zinea eta musika elkartzen direnean, lekurik nabarmenenetakoa hartzen duela konposatzaile italiarrak bai bere obraren zabal-handitasunagatik eta baita kalitateagatik ere: adin batekook ederki gogoratuko dugu, esaterako, Morriconek filmarako egin eta Joan Baezek abesten zuen “Balada de Sacco e Vancetti” liluragarri eta borrokalaria. Philip Gröning. Zinegile alemaniarra Frantzia aldeko Alpeetara joan zen hango kartujoen bizimodua filma batez azaltzeko asmoarekin. Beharrezko baimenak eskatu eta 16 urte egon zen erantzunaren zain, eskaera egin zienean, monjeek “oraindik ere goizegi da” erantzun baitzioten. Lortu zuen Gröning-ek filma egitea eta ez zen batere erraza izan gainera: berak bakarrik zeukan monasteriora sartzeko baimena eta, beraz, gidoia idatzi eta zuzentzeaz gain, berak bakarrik errodatu, soinua jaso…, eta 20 kilotik gorako ekipoa bertaraino emateaz arduratu behar izan zuen. Horren ondorioa filma “izugarri” bat izan da: “Isiltasun Ikaragarria”(“Die grosse stille”, P. Gröning, 164 minutu. Alemania 2005). Itzulpena neuk egin dut, ez baitago euskarazko bertsiorik, baina orain idazten dudan honetarako badu garrantzia. Egia esan, izugarria da ikaragarria ia hiru orduz dirauen Gröning-en filmako isiltasuna: kafetegietan bildu eta ajenda gainezka darabilgunontzat, gehiegizkoa izan daiteke (nik ikusi nuen hartan, hainbat eta hainbatek ezin izan zuen jasan eta batzuk lehenago, beste batzuek geroago, dozena pare batek aretoa utzi egin zuen). Irudi xumezko film-dokumental hau bortitza da oso, bortitzegia gure izakera eta belarrientzat: beti behar dugu hotsen bat, beti zarataren bat inguruan (nahita egina edo halabeharrezkoa: telebista, Mp3a, irratia, trafikoa, festa, taberna…). Grönening-ek, ordea, praileen hanka zarrastak, zurezko aulki gaineko igurtziak, sotanen mugimenduak, monjeen otoitz kantuak, zuhaitzetako hosto erorketak, ur garbien huitziak…, proposatzen dizkigu isiltasun erabateko eta ikaragarri batek estaltzen gaituelarik. Agian arrazoi izango zuen Jose Inazio Ansorena “Peter”-ek, milurteko berriaren atarian galdetu eta: “bigarren milurtekoan gehien bilatu eta maitatuko dugun musika, isiltasuna izango da”, bota zuenean… Agian oraindik ere goizegi da… Bitartean ez galdu Morricone entzuteko aukerarik, ezta udaberri atarian, dagoeneko txirritxioka zalapartatsuan diharduen birigarroaren kantua ere…, ohitzen hasteko modu bat izan daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!