Rashmaninov

Xabier Lasa 2007ko mar. 13a, 11:11

RASHMANINOV, jo dezala Rashmaninov – esan zion aitak lehor, zakar, bekosko. Hamar edo hamabi urteko semea zeraman eskutik eta irakasle gazteak Rashmaninoven pianorako kontzertuak irakats ziezaizkion eskatu, exijitu zion paperak luzatuz. Builarik ez, ez zuen aita hark builarik egiten eta esan daiteke, gainera, maitekiro zaintzen zuela umea..., pianoa jotzen zuenean batik bat. Harro zegoen, oso harro berak txikitatik irakatsi eta urte gutxirekin bazen ere, oso pieza zailak jotzera irits arazi zuelako... Lehiaketetan beti galtzen zuen, ordea eta hori ezin zuen aitak eraman. Horregatik erabaki zuen irakasle batekin hastea mutila. –Nola irakatsiko diot ba Rashmaninov, ume bat besterik ez da eta! – – Zuk nik agindutakoa irakatsi – besterik ez zuen aitak gehitu eta konturatzerako, joana zen ataritik. Semeak lehia irabaztea, onena izatea, adin gutxirekin besteak baino aurreratuago izatea ez zuen besterik aitak buruan eta txapelketetatik itzultzean, irabazten ez bazuen, ez zen etxe hartan giro izaten eta gainontzeko seme-alabak beldur izaten ziren orduan aitaren haserrearekin. Oraingoan, ordea, aurkitu zuen bide zuzena: irakasle batekin hasiko zuen semea eta Rashmaninoven kontzertuak jo araziko zizkion munduan beste inork baino lehenago eta hobeto” (“Shine” filmaren pasarte batetik). Hemendik aurrera gauza asko gertatzen da aipatu filman baina batez ere aita eta semearen arteko tira-bira dago. Aitak maitekiro bultzatzen du semea, onena nahi du berarentzat eta hain musikazale izanik, zer hobe berak baino gorago egin zezan. Balizko arrakasta horren gakoa irmotasuna, etengabe jardutea eta inguruan musika baino ez izatea zen. Jakina da umeek jolasteko gogoa izaten zutela, baina eskertuko zion egunen batean... Egunen batean, famatua izaten zenean, denen aurrean eskertuko zuen aitak egindako ahalegina... Horretan ez zuen zalantzarik orain askotan isilik negar egin behar bazuen ere bere semearen bizimodu gogorra zenbat kostata ateratzen zuen ikusterakoan. Biek ala biek musika oso modu ezberdinean ulertzen bazuten ere, semea ez zen aitaren borondatea bihurritzera ausartzen eta, beraz, beste tira-bira bat sortu zen semea eta bere buruaren artean harik eta arrazoia galdu zuen arte. Tentsioa, borroka, amore eman beharra, urduritasuna, lehia, txapelketa, gurasoek lortu gabekoa semeen bidez lortu nahia... A zer katramila! Nolabait ordea, ideia bat, jarrera bat doa poliki-poliki nagusitzen. Arrazoia ere galdu duenean eta beste ezer galtzekorik ez daukala, musika ogibide ez baino bizimodu bilakatzen da, sena, izateko era, barruan ez dauka musika besterik eta. Gure protagonista ezin da dagoeneko inorekin lehiatu baina bai bere buruarekin lehiakor izan eta, azken batez, musika plazerra izatera heltzen denean eteten dira tira-birak, artea jaiotzen da eta irrifarra eta lasaitasuna barreiatzen da bazterretan. Kontutxo hau ez dator ezertara, sinets iezadazue... Kontatzeko gogoa neukan... Besterik ez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!