Joan den urteko abenduaren 3an amaitu zen Euskaraldiaren lehen esperientzia, baita
arrakasta handiz amaitu ere. Horren ondoren, bigarren esperientzia abiatzeko asmoa ere
adierazi zuen Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak. Aurretik, baina, 21. KORRIKAn
ahobizi eta belarriprest gisa jarduteko deia egin dute Euskaraldiaren eta KORRIKAren
antolatzaileek.
«Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira». Hala mintzatu da Mertxe
Mugika AEKren koordinatzaile nagusia gaur, Bilboko Itsasadarra museoan emandako
prentsaurrekoan. Euskaraldian parte hartu dutenek «euren hizkuntza-praktikak aztertu»
eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.
KORRIKAren aurreko edizioak irudi esanguratsuak utzi zituen, hala nola Santiago zubiko
kilometroa, non elkarrekin agertu ziren erakundeetako ets euskalgintzako ordezkariak.
Geroztik, rol eta jarrera berriak sortu dira Euskal Herrian, eta horiek zabaltzeko deia egin
dute agerraldian.
Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta
belarriprest guztiei «euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako
ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko». Egunerokoan egin beharreko
ariketa horrek testuinguru ezin hobea izango du KORRIKAn, Garestik Gasteiza, apirilaren
4tik 14ra.
Hala, ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-
aldaketa hori ikusaraztera, «AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika
egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko».