Aiurri eta 28 Kanalaren arteko lankidetza hitzarmena

Aiurri 2019ko mar. 22a, 10:27

Ion Aldanondo (28 Kanala), Alaitz Artolazabal (Tokikom) eta Jon Ander Ubeda (Aiurri).

Tokikom euskarazko tokiko hedabideen elkartearen babesean, Aiurri tokiko hedabideak eta 28 Kanala tokiko telebistak lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Sinadura ekitaldia azken hilabeteotan praktikan ematen ari den lankidetza jendaurrean aurkezteko modua izan zen. Urrutira joan gabe, joan zen martxoaren 15ean, Andoaingo Piano Jaialdiaren inguruko erreportaje zabala eskaini zuten 28 Kanalean. Gipuzkoa osoko ehunka piano-joltzaile hurbiltzen dira urtero Andoainera, eta erreferentzia saihestezina bilakatu da Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko musika eskolentzat. Garrantzia handiko jaialdiaren jarraipena egin ohi du Aiurrik. Aurtengoan, lanketa horri oihartzun handiagoa eman zaio 28 Kanalari esker. Horretarako, bereziki baliagarria izango da lankidetza hitzarmena. Sinadura ekitaldian hauexek izan ziren hiru eragileen adierazpenak.

Ion Aldanondo, 28 Kanala: "Aiurri eta 28 Kanala Aiztondoko herrietan lanean aritzen gara, eta hitzarmena praktikatik abiatu da. Elkarren berri dugu, Tokikomeko kide gara bi hedabideak eta internet sarean eta bideogintzan garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dugu. Hasiera modukoa da, sinergiak aprobetxatuz gero, oraindik ere bide oparoagoa egin daitekeelako. Tokikomeko kideak gara biak, eta denontzat ere balio handiko hitzarmena dela esango nuke".

Alaitz Artolazabal, Tokikom: "Tokikom sortzearen oinarrietakoa elkarlana eta sinergiak aprobetxatzea da. Eta, hain justu, Aiurri eta 28 Kanala ezagutzak partekatuz eta formakuntzan sakonduz eredu horri segida ematen ari dira. Pozgarria da, osagarri diren euskarri informatiboak direlako. Aldamenean edukiko gaituzte, behar dutenerako".

Jon Ander Ubeda, Aiurri: "Lan errealetatik abiatu gara. Guretzat, esaterako, Andoaingo Piano Jaialdian egin dugun lanketa tokiko telebista baten bidez zabaltzea garrantzitsua da. Lankidetza horrekin jarraitu eta sakontzeko asmoa eta gogoa dugunez, lankidetza hitzarmena sinatzea eta publiko egitea garrantzitsua iruditzen zaigu".

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!