Herrira mugimenduko kideen aurkako epaiketa irailerako iragarri dute

Aiurri 2019ko api. 11a, 18:12

2013ko irailaren amaieran Bitartekariak, Etxerat, abokatuak edota Herrira ekimenen aurkako polizia operazioa abiatu zuten. Tartean ziren Herrira ekimeneko Ekain Zubizarreta andoaindarra eta Amaia Esnal eta Jexuxmari 'Kudu' Aldunberri urnietarrak. Auzitegi Nazionalak 47 pertsonen aurkako epaiketa iragarri du, datorren irailaren 16an hasiko dena. Fiskaltzak 600 urteko espetxe zigorra eskatzen du, denera.

Epaiketaren data aditzera eman eta gutxira, auziperatuek prentsa oharra argitaratu dute:

  • "Irailaren 16an hasi eta gutxienez hiru hilabetez luzatuko da sumario honetan gauden 47 pertsonen aurkako epaiketa. Bost eta sei urte artean igaro dira Guardia Zibilak atxilotu gintuenetik; gutako batzuk espetxeratuak izan ziren, eta guztiok auziperatuak. Geroztik baldintzapeko askatasunean aurkitzen gara Espainiako Entzutegi Nazionalean epaituak izateko zain".
  • "Urte hauetan guztietan presente izan dugu edozein unetan epaiketa baten aurrean aurkituko ginela, hamabostean behin joan gara epaitegietara sinatzera, eta espainiar estatutik ateratzeko debekua izan dugu. Egoera honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak, maite ditugun eta gaituzten horienak. Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko".
  • "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea. Hau izan da gure lana, eta hau da epaitzera doazena".
  • "Kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu, eta preso eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu. Gure printzipio etiko eta politikoei loturik aritu gara uneoro".
  • "Estatuaren estolderietan sorturiko auzibide hau astakeria juridiko eta soziala da. Gure lana erabat publikoa izan da, eta helburu argiak izan ditu: Euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herrian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko".
  • "Mundu osoan ematen ari den inboluzioa eta eskubideen urraketa itzela da, eta horren adibide argia da oraindik orain euskal presoek bizi duten egoera. Urrutira joan gabe Altsasuko gazteen kasuak eta Katalunian gertatzen ari denak erakusten digute erregresio eta jazarpen egoera honen norainokoa".
  • "Epaiketaren bezperetan gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan. Bide hau beste herritarrekin batera egin nahi dugu, herritarrak garelako egoera aldatu eta justiziarako bidea egiteko bermerik eraginkorrena".
  • "Etorkizun berri batean sinesten dugu, justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko". 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!