Bertso Pilota ekimeneko kideak Ipar Ameriketara doaz

Aiurri 2019ko api. 12a, 10:10

Bertso Pilotako kideak Argentinan barrena 2017an egin zuten egonaldiko irudia.

2017ko apirilean Argentinan barrena bertsoa eta pilota zabaldu ondoren, Bertso Pilotako kideak ipar Amerikara doaz larunbat honetan. Beterri-Aiztondoko ordezkaritza zabala izango da. Jon eta Xabier Urbieta asteasuarrak, Iñaki Lizaso billabonatarra nahiz Ibon Aranalde oriotarra pilotan. Oihana Iguaran amasarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra bertsotan.

Aurreko espedizio hartatik, Amasa-Villabonako Oihana Iguaran eta Iñaki Lizaso dira oraingo honetan itsasoz bestaldera joango direnak.
Taldea honako hauek osatuko dute:
Pilotariei dagokienez, Urmeneta, Esnaola eta Aizpitarteren ordez:
 
Jon Urbieta, 27 urte. Asteasuarra eta Behar Zanako pilotaria. Denboraldi honetan Gipuzkoako buruz buruko txapela 1.mailan, binakakoa 2. mailan frontoian zein trinketean irabazi dituena.
 
Xabier Urbieta, 26 urte. Asteasuarra eta Behar Zanarekin entrenatzen duena. Pilotari ezaguna, afizionatu mailan goi mailan dabilena, irabazi daitekeen ia dena irabazia duena eta egun Garfe pilota enpresan jokatzen duena.
 
Ibon Aranalde, 35 urte. Oriokoa da eta Behar Zana taldearekin entrenatzen du. Pilotari beteranoa, fina eta oso segurua.
 
Hauekin batera, aipaturiko Behar Zana taldeko Iñaki Lizaso izango da, aurten berriz ere, 35 urterekin joko maila onean dena, trinketean txapela atera berri duena Urbietarekin. 
 
Bertsotan berriz, aipaturiko OIhana Iguaran, 27 urte eta amasarra. Bertsolari guztiz ezaguna, goi mailan ezarria dagoena,  azken urteetan saio on eta asko ematen ari dena.
 
Azkenik, Beñat Gaztelumendiren tokian Unai Mendizabal zizurkildarra. 27 urte. Azken urteetan gazte mailako sari banaketa askotan txapela irabazi duena. Zer esana ematen ari den eta emango duen bertsolaria.
 
Seikote honek San Franciskon hasiko dute beraien ibilaldia. Apirilaren 16an  bertako Euskal Etxean Bertso Pilota saioa eskainiko dute eta ondoren berriz, afaria eta bertso saioa izango da. Bertso Pilotaren etorrera dela eta, pozarren daudela aitortu dute bertako antolatzaileek.
 
Ondoren Las Vegas bisitatuko dute eta bertako Lagun Onak Euskal Etxea. Bertan, euskal kantuen eta bertsoen zain egongo dira guztiak.
 
Las Vegas bisitatu eta gero Bakersfielden izango dute 3. emanaldia. Pilotan ez ezik, bertsotan eta kantuan arituko dira bertan. Iñaki Lizaso Bihozkadako musika taldeko kideak, gitarra izango du eskuragarri eta kantaldia eskainiko du. Honekin batera euskal kantak abestuko dituzte eta Oihana eta Unaik bertso saioa eskainiko dute bertako Euskal Etxean.
 
Azken eta laugarren emanaldia Los Angelesen, Chinon eskainiko dute. Bertso Pilota saioa izango da bertako Centro Bascon. 
 
Beraz eta hasiera batean, gehiagorik ez bada izaten behintzat, lau emanaldi eskainiko dituzte guztira abentura berri honetan.
 
Argentinan bertsoak gaztelerara itzuli ziren bezala, oraingoan ingelesera itzuliko dira. Erronka polita, eta pauso bat gehiago euskal kultura diasporan zabaltzeko bidean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!