Zegama-Aizkorri igande honetan

Andoni Urbistondo 2019ko mai. 31a, 12:00
Ainhoa Jauregi eta Xuban Ezeiza urnietarrak.

Urteko mendi lasterketa ezagunena da, eta bertan izango dira Andoaingo eta Urnietako hainbat kirolari. Urnietarren artean, Legarretak edizio guztietan parte hartu du. Andoaindarren artean, Erkizia kilometro bertikalaren irteeran izango da.

Urnietako lau korrikalari irtengo dira igandeko Zegama-Aizkorriko proba ezagunean. Dagoeneko XVIII. ediziora iritsi da, eta nazioarteko puntako probatakoa da. Urnietarrak urte osoan zehar lan polita egiten ari dira Euskal Herri osoko mendi lasterketetan.

Mikel Legarreta, 36 urte

Ekitaldi guztiak korritu dituen korrikalari bakarretakoa da. Azken 2-3 urteetan halako buruko nekea sumatu zuela onartu zuen iaz, Zegama-Aizkorrin ateratzeko egin behar den prestakuntza fisikoki eta mentalki exigentea delako. Aurten, baina, bai buruz eta baita fisikoki ere oso ondo iritsiko dela dio: “Entrenamendu saio luze batzuk egin ditut, eta oso ondo ikusi dut nire burua, ziur aski azken urteetako punturik onenean iritsiko naiz”. Zergatiaz galdetuta, arrazoi hau eman du: “Travesera Integral proba prestatzen ari naiz, Ibon Zabala lagunarekin batera egiteko, ekainaren 15ean. Asturiasen egiten da, Picos de Europa mendigunean. Oso gogorra da, 74 kilometro eta 6.500 metroko desnibel positiboa, eta hori prestatzeko Zegama-Aizkorri ondo etorri zaidala uste dut”. Hamazortzigarren aldia, dagoeneko, Legarretak badaki non ibiliko den, proba duintasunez bukatzen badu: “Betiko legez, bost orduko langa erreferentzia gisa hartuz, pixka bat hobe, pixka bat okerrago, hortxe ibili beharko nuke”. Gutxik ezagutzen dute bidea Legarretak bezain ondo, eta txoko bat aukeratzekotan, Aizkorriko gaina esan du: “Hara ondo iristen denak, badaki Zegamara ondo iritsiko dela. Mugarri garrantzitsua da. Hara izorratuta iristen bazara, ordea, jai duzu”. 

Unai Ezeiza, 31 urte

Lehiaketa faltak ematen duen zalantzarekin abiatuko da Unai Ezeiza. Pasa den urtean lesioek ez zioten Zegama-Aizkorrin parte hartzen utzi, eta orain, bi urte jarraikortasunik eduki gabe egin ondoren, irteerara aurkez daiteke. “Ez dakit zein maila emango dudan. Erreferentziaren bat izango banu, zerbait esan ahalko nuke, baina ezin. Goizuetako proba korritu nuen orain aste batzuk, eta ez nintzen batere gustura ibili. Erritmo falta nabaritu nuen asko. Azken bi asteetan halako estutu bat eman diot gorputzari, ea gutxienez erritmo pixka bat hartzen dudan igandeari begira”. Egoera horretan, Ezeizak garbi du alferrikakoa dela helburu jakin bat finkatzea: “Etortzen dena etorriko da. Nahiko nuke beste urte batez parte hartzea ziurtatuko lidakeen postua lortzea –lehen 100 sailkatuek lortzen dute–, baina jakitun naiz urtez urte denborak hobetzen doazela korrikalariak, eta ez dela erraza izango”. 

Ainhoa Jauregi, 40 urte

Zegama hiru aldiz egin du. Lide lehen alaba jaio ondoren egin zuen bitan, eta lehenengoa Lide jaio aurretik. Ezagutzen du, beraz, proba, baina ibilbidea egin zuen pasa den astean, eta konturatu, “ahaztu zaidala dagoeneko, ez bainintzen ezertaz gogoratzen”. Maratoiak ez ditu gustuko Ainhoak, berarentzat distantzia luzeegia baita. “Maratoi erdiko distantzia handitzen joan naiz, 30-35 kilometroko saioak egiten, akaso aurten edukiko dudan aukera ez dudalako gehiago edukiko. Aurtengo esfortzua urte askotan errepikatzeko gai izango naizenik ere ez dut uste. Puntu onean nago, lasai, forma onean nagoelako, urduritasunik gabe. Marka ona egin nahi dut, eta eguna ondo joaten bada, posible dela uste dut”.

5.45 eta 5.50 dira bere markak, eta hobetzeko moduan dagoela uste du: “5.40ren bueltan ibil naitekeela uste dut”. Prestakuntza gogorra da, baina sufritzen baduzu, hobe ez egitea. Nik ibilbide bat egin dut, eta Zegama etorri da, eta ez alderantziz. Zegama korritzeko prestakuntzak halako exigentzia bat badakar, berarekin”. Zegaman disfrutatzea posible omen: “Bai noski. Ni ja ametsetan ari naiz, Otzaurtetik nola pasa, Sancti Spiritun jendea agurtzeko gogoz…”.

Eguraldiaz bi hitz: “Txarrak laguntzen nau. Lokatza eta ibilbide teknikoa nahiago. Ez nau obsesionatzen, dena den. Eguraldi txarrak arropa asko eraman behar izatea eragiten du, eta lauzpabost ordutan euria eta hotza bada, buruak ere bere lana egiten du, ze demontre egiten ari ote naizen mendi maratoi bat korritzen, giro horrekin. Demagun euri pixka bat, baina epel eta eguzkia ere bai, tarteka”. Ez bukatzeak buruko minik sortzen ote dio, Ainhoari?: “Ez, batere ez, ez bainoa marka bat egiteko asmoarekin. Nire osasunak arduratzen nau, minik ez hartzea. Karrera ona edo txarra egin, nire bizitza ez da aldatuko. Azken lau lasterketak ondo atera zaizkit, hau ondo ateratzen ez bada, kito, onartu eta listo”.

Jokin Lizeaga bikotea esatari lanetan ariko da. Aholkurik eman ote dio? “Ez dugu bereziki egun horri buruz hitz egin. Berak esan gabe ere badakit lasai eta indarrak gordez egin beharreko proba dela, bukaeran indartsu bazaude denbora asko irabaz dezakezulako, ondo jan eta ondo edan…”. Sancti Spiritu edo Aizkorri punta, bietan zein? “Sancti Spiritu. Laguntza ematen izan naizenean han izan da, eta ni korrikalari pasa izan naizenean indarra, emozioa eta bultzada berezia sentitu izan ditut. Han egoten dira lagun, familia eta ezagunak, eta txoko hori aukeratuko nuke. Aizkorri ere polita da, baina pasa izan naizenetan ez naiz hainbeste emozionatu”.

Xuban Ezeiza, 23 urte

Granadan ikasketak egin eta urtebete eskas darama Urnietan. Mendiko eskian aritu da egurrean, eta mendian korrika gutxi. Baina eskiatzen sasoi puntu ona lortu du. “Legarreta anaiak eta Ibon Zabalarekin hasi nintzen bi hilabete atzera, Adarra eta Onddi aldean. Lau bat lasterketa korritu ditut, ez gehiago. Nafarroan bizpahiru, eta pasa den astean Ereñotzun. Lasterketa xumeenak egin ditut, jende gutxiago biltzen dituztenak”. 4.57 egin zuen iaz, 4.47 2017an, eta badaki estutu beharra daukala ehun denbora onenen artean jarraitu eta 2020ko proba korritu nahi badu.

Hainbestean ikusten du bere burua. Hogei kilometroko probatan indartsu, “baina hortik aurrera sufritu egiten dut”. Jateko eta edateko beharra ez darama ondo, ez baitu probatan jatea eta edatea gustuko. Entrenatzen ez ditu hartzen, eta ohitura falta horrek eragozpen handia eragiten dio Zegama bezalako probatan. Soluziorik ba al dauka horrek? “Mendi lasterketak erronka serio bezala hartuko banitu, agian bai, baina ez ditut lehiakortasunez ikusten, gozatzeko baizik. Helburu handiegirik jarri gabe, eta ikuspuntu horrekin, ateratzen dena aterata ere konforme geratzen naiz”.

Garaipenak lortzea beti da zaila, eta Ereñotzun irabaztetik dator Xuban: “Ezin dira bi probak alderatu… Ereñotzun ordubete pasako lana da! Goizuetan ere ondo ibili nintzen, baina han ere bi orduko lana izan zen. Jakitun naiz Zegaman sufritzea tokatuko zaidala, eta konbentzimendu horrekin abiatuko naiz”. Sufrituko duela jakitun, baina irteera puntuan tinko. Zergatik, bada? “Giroagatik, gertuko jende asko egoten delako animatzen, beste inon ez bezala. Xarma ematen dio horrek probari”. Sancti Spiritu edo Aizkorri? “Sancti Spiritu, familia han egoten delako. Aizkorri ere garrantzitsua da niretzat, abenduak 31 dituenean urtero joaten garelako. Baina lasterketa egunean Sancti Spiritu”. Eta eguraldiari eskaera, bukatzeko. “Hotz handirik ez, ahal bada”. 

Jon Ugalde mendi maratoian irtengo da

Jon Ugalde mendi maratoian irtengo da.

Jon Ugalde

Zegama-Aizkorrin eskarmentua pilatu duen korrikalaria da Jon Ugalde. Bosgarrengoa egingo du aurten. Horietatik, azken lauetan ez du zozketan sartu beharrik eduki. Egin kontu, aurten, hamar mila korrikalarik eman dutela izena 250 dortsal jokoan jarri dituen zozketarako. Ugaldek aurreko bi urtetan egindako denborarik hobenentzat erreserbatzen diren 125 dortsaletako bat eskuratu ahal izan du. “Bost orduren bueltan ibiltzen naiz, eta juxtu denbora horretatik beherakoentzat gordetzen dira dortsalak”. 

Hain zuzen, bost orduko muga psikologiko horri eustea da Ugalderen aurtengo helburua. “Ez dakit 2017ko marka pertsonala (04:51) hausteko kapaz izango naizen, baina hortik gertu ibili nahiko nuke”. 

Korrika egiteari neurria hartu dion pertsona da Ugalde. “Familia daukat, hamabost hilabeteko haurra, lan-orduak… Korrika egiteak beste kirol askok baino erraztasun handiagoak ematen dizkizu, eta horrela, familiaren eguneroko martxarekin moldatzen jakitea izaten da kontua. Alde horretatik ondo nabilela esango nuke, eta ez daukat gehiagorako aspiraziorik”.

Mendi lasterketara bideratzen ditu bere zangoak Ugaldek. “Asfaltoa alde batera utzita daukat. Urtean, normalki, zortzi bat mendi lasterketetan hartzen dut parte. 20 edo 30 kilometro artekoak dira niretzat distantziarik egokienak. Hortik aurrera, nekagarriak egiten zaizkit”. 

Ugaldek lau urtetan egin dituen denborak ikusiz gero, argi dago erregulartasuna erakutsi duela beti. “Egia da hori, baina misterioa izaten da niretzat Zegama-Aizkorri, ez baitnago seguru gorputzak nola erantzungo didan. Aizkorriko mendi-katea gainditu ostean hasten dira niretzat buruhausteak. Badirudi behin gailurraz geroztik Urbiako zelaietan barrena helmugara iritsi bitartean dena errazagoa behar duela izan, baina gauzak ez dira horren logikoak. Gorputzean kalanbreak, dardarizoak, arazo muskularrak… sortzeko beldur ibiltzen naiz”.

Luzera handiko lasterketak oso gogoko ez izanik, nola ulertzen da Zegama-Aizkorrin parte hartzea? “Paraje zoragarriak zeharkatzeaz gain, baditu hainbat faktore lasterketa berezi-berezia bihurtzen dutena: ikusle kopuru harrigarria eta sortzen den giro aparta, munduko korrikalaririk onenak parte hartzea, oihartzun mediatikoa…”.

Eguraldi atsegina iragarrita dago iganderako, eta milaka ikusle espero dira ibilbidean zehar. “Familia azalduko da ziurrenik, eta badakit lagunen bat edo beste Aizkorri aldera igoko dela. Beheko zatietan zein goikoetan, pozik hartzen dira pertsona ezagunen animoak”.

Beñat Erkizia kilometro bertikalean irtengo da.

Beñat Erkizia kilometro bertikalean irtengo da.

Beñat Erkizia

Beñat Erkiziak badaki zer den Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzea. Aurten, baina, kilometro bertikalari ekingo dio. Biak ere mendi-lasterketak izan arren, ez dute zerikusirik makina bat arlotan (distantzia, intentsitatea, teknika…). “Denetik egitea gustatzen zait. Egia da lasterketa honek ezaugarri bereziak dituela eta entrenamenduak espezifiko xamarrak egitea eskatzen duela, batez ere azken asteetan. Hala egiten saiatu naiz”.

Goi mailako korrikalariei zein herrikoiei “zer moduz harrapatzen zaitu lasterketak?” galdetuz gero, kexati azaltzen dira maiz: “ez dut entrenatzeko denbora askorik eduki, belauna ez daukat behar bezala…”. Erkizia, ordea, ohikoa ez den erantzunarekin datorkigu, baikor: “Ondo helduko naizela uste dut. Aldakako arazoak izan ditut azken urteetan, bi ebakuntza tarteko. Ordutik asko zaintzen ari naiz aspektu hori, eta prebentzio lan handia egiten dut ondo egoteko”. 

Euskal Herrian azken urtetan perretxikoen pare hazi diren mendiko lasterketen unibertsoan, kilometro bertikalak beren tokia egiten ari dira poliki-poliki. Modalitate horretan ez da prezisu “korrikalari” azkarra izan behar; garrantzi handiagoa hartzen du gorputzeko atal guztiak ondo sinkronizatuta eramateak. Parte hartzaileen gorputzeko posturari erreparatuz gero, zati askotan besoek hankei laguntzen diete, pauso bakoitza emateko orduan. Intentsitate altuko lasterketa da, Beñaten iritziz: “Aldapan gora korrikalari ona izatea eskatzen du, azken hiru kilometroetan 1.000 metroko desnibel positiboa igotzen da-eta. Ez dago jaitsierarik. Erresistentzia eta indar maila egokiak izatea ezinbestekoa da. Horrez gain, norbere burua ondo ezagutzea eta sufritzen jakitea ere garrantzitsuak dira. Nire ezaugarriak horrelako lasterketa baterako aproposak direla iruditzen zait. Lasterketako nire bataz besteko bihotz taupaden maiztasuna minutuko 180 ingurukoa izango da, eta hortik gora momentu batzuetan. Aldapan gora atsedenik gabe hori mantentzeko gai izan behar dut”.

Zegama-Aizkorri KB proba maiatzaren 31n, ostiralarekin jokatuko da, arratsaldeko 16:00etan. Zegamako Renfeko trena geltokitik kilometro bat lehenago dagoen bidegurutzean irteera, eta Arriaundiko gainean helmuga. 5.200 metroko luzera du probak, eta 1.015 metroko desnibel positiboa. Beñat Erkiziak uste du ikusle ugari bilduko direla bertara: “Jende asko mugitzen duen lasterketa da eta gertukoak ere joango dira. Egia esan, asko eskertzen dira jendearen animoak, eta baita ingurukoen laguntza ere. Giro polita egoten da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!