Espainiako Senior Txapelketan hartu zuten parte Danok Danena halterofiliako kideek

Aiurri 2019ko eka. 21a, 08:17
Argazkia: Danok Danena.

Ekainaren 8an eta 9an ospatu zen Madrilen Espainiako gizonezkoen eta emakumezkoen Senior Txapelketa. Danok Danena taldetik txapelketako laburpena egin dute.

Emakumeen txapelketan Susana Davilak brontzezko domina lortu bazuen ere, gaizki lehiatu zen. Gizonezkoetan Igor Sasiainek 5. postua lortu zuen eta oso maila onean aritu zen lanean. Bere anaia Jon Sasiainen kasuan, ordea, ez zen bere eguna izan, bi denboralditan altxaldi nuloak egin baitzituen. 

Lan bikaina egin zuen taldeko txapelduna den Mikel Alvarezek. Kategoria zailenean lehiatzea egokitu zitzaion, 81 kilo kategorian, hain zuzen ere, eta internazionalak diren batzuk izan zituen aurkari. Brontzezko hiru domina ekarri zituen etxera. Danok Danena taldetik adierazi dutenez, "Mikel Alvarez gure txapeldunak egiten duen lan bikainari esker eta halterofolia kirolari jartzen dion gogoa eta esfortzua dela eta, beti lortzen du podiumera igotzea. Ez da lan erraza; baina Danok Danena taldearen izena eta Amasa-Villabona eta Zizurkil herriena ere gorenean uzten saiatzen da beti".

Argazkia: Danok Danena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!