Donostiako Klasika Andoain eta Urnietan barrena igaroko da

Jon Ander Ubeda 2019ko abu. 3a, 10:00

UCI Pro Tour goren mailako proba izanik, Mundu mailako txirrindulari onenak, etxetik bertatik ikusteko aukera izango da. Horien artean izango da Euskadi Murias taldeko Mikel Iturria urnietarra. Berezia izango da Iturriarentzat, lasterketa bere herritik bertatik igaroko baita.

Etxetik bertatik ikusi ahal izateko, eskualdeko txirrinduzaleen laguntza ezinbestekoa izango da. Andoainen bakarrik 80 lagun arituko dira antolakuntzan eta bide segurtasun lanetan.

Lasterketa Aduna aldetik iritsiko da Andoainera, 14:00ak aldera. Lasterketaren abiaduraren arabera, lehenxeago edo beranduxeago igaroko dira. Adunatik Sorabillara iritsi eta tropelak Karrika aldera hartuko du. Aita Larramendi kalea, Kaleberria, Kale Nagusia eta Kaletxiki zeharkatu ondoren Gudarien etorbidea hartuko dute, Urnieta aldera abiatzeko. Idiazabal kalea zeharkatuko dute, maldan beherak eskaintzen duen abiada bizian, Hernani aldera abiatzeko.

Taldeen aurkezpena ostiral honetan izango da Donostiako Boulevardean, arratsaldeko 18:30ean hasita. Urnietako HK10 hotelean, bestalde, Bahrain Merida, Education First eta Sunweb taldeek ostatu hartu dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!