Euskal kulturari so, bertsolaritzaren artikulazioak jardunaldietako bigarren saioa

Aiurri 2019ko abu. 26a, 09:17
Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Jon Maia, Alberto Irazu eta Harkaitz Zubiri. XDZ.

Bertsolaritzak rocka limurtu zuenekoa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, bertsolaritzan emakumeek duten presentzia eta hiztun berriena izan ziren solasgai Mintzola ahozko lantegiak antolatutako 'Bertsolaritzaren artikulazioak' UPV / EHU Udako ikastaroetako bigarren saioan.

"Bertsolaritza garaikidea bihurtzea izan da gakoa fosilduta geratu ez dadin", hala aipatu zuen Jon Maiak bere hitzaldian bertso eskolen inguruan aritu zenean. Garaikide izateko etengabeko eraldaketa prozesu horretan, bertsolaritzak hasiera batean urruneko zitzaizkion munduak ukitu ditu edota garaian garaiko gizartean agertzen diren sentsibilitateekin bat egin.

Bertsolaritzaren artikulazioei heldu zitzaien joan zen ostiralean Miramar Jauregian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegiak gauzatu duen bi eguneko eskolan, Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak. Izan ere, tradiziotik etorritako adierazpidea izanik aurrerako bidean egokitu zaizkion beste mundu zenbaitekin izan du harremana bertsolaritzak. Horietako batzuk mahaigaineratu ziren ostiralean: rockaren eta bertsolaritzaren arteko gurutzaketa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, emakumearen presentzia eta hiztun berriena. 

Alberto Irazuk Rocka Puntua bere lanaren zenbait ideia aletu zituen. Bi parabola izan zituen hari bere saiakeran: "Zer gertatu da bertsolaritzan 70 hamarkadatik hona, atzerritik zetozen doinuak kondenatzetik, bapatekoan erabiltzeraino? Nola sartu da bertsoa rock munduan?". Euskara rockean sartzeak ahalbidetu du, halaber, bertsolaritza rockean sartzea: "Euskal rockaren hastapenetik egon da bertsolaritza hor. Zenbaitetan modu naturalean, transgresioaren bidetik beste zenbaitetan. Iraultza Negu Gorriak taldeak ekarri zuen, Public Enemyk mainstreamera eramandako rapa eta 1986ko Txapelketa Nagusiaren nahasketa formulatu zuenean: bertso-hop". 

Rockaren eragina ere bazuen belaunaldi gaztea oholtzaratu zen bestelako imajinario bat zuen bertsolarien artera 90eko hamarkadan; horren inguruan aritu zen Jon Maia: "Bertso eskolek demokratizatu egin zuten bertsolaritza; edozein motatako euskaldunei bertsolari izateko aukera eman zitzaien. Euskarazko marrazki bizidunen seme-alabak ginen gu; Supermanen pelikulak ikusten genituenak edota Pablo Milanes entzun... oholtzan topatzen genituen eta zubi lana egin zuten bertsolarietako askoren unibertso imajinarioa gertuago zegoen Txirritarenetik guretik baino, nahiz eta urteen aldea txikiagoa izan". 

Oihana Iguaran bertsolaritzan emakumeak izan duen presentziaz aritu zen. Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak azaleratu dituen datuak aipatu zituen: "Edalontziaren %20 betetzen ari da (emakume bertsolariekin), baina itogin bat daukagu; 18 urterekin gertatzen den arrakala bertso eskoletan. Zergatik jarraitzen da? Zergatik uzten da? Espazioa eraiki, berdiseinatu eta itogin hori nola aztertu ikusi behar da". Urteotan bertso munduan egin diren ekarpenak ere aipatu zituen, besteak beste, Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Ahalduntze bertso eskola. 

Bertso munduan hiztun berriek duten legimizazioaren inguruan eta diskurtsoetan duten presentzia aztertzen ari da Miren Artetxe: "Miresmen puntutik ikusten da hiztun berria bertsotan; baina badu ifrentzu bat, nolabait hizkuntzarekiko izandako harreman hori gatazkatsuagoa edo horren naturala izan ez dela pentsatzera daramana". Gizartean bestela den arren, bertso mundua oraindik ere euskaldun zaharren mundua dela ondorioztatu du Artetxek, baina "aukera ikaragarri bat" ere baduela nabarmendu zuen: "Benetako bertsolaria mutante bat da plazan; diskurtsoak eta praktika aldatu ahala, definizioak eta kanonak aldatuko lirateke, eta horrek sarbidea erraztuko lieke beste hiztun kategoriakoei". 

Bertso saioa, arratsaldean

Arratsaldean, bertso saio feministarekin eman zioten amaiera jardunaldiei.  Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek hartu zuten parte, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten. Miramar Jauregiko Terrazan izan zen saioa eta ikastaroko ikasleez gain, jende gehiago ere gerturatu zen.

 
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!