Guztira 48 bertsolari arituko da txapelketan, horietako lau eskualdekoak. Txapelketako lehen egunean bertan abestuko du Haritz Mujika asteasuarrak, Oñatin. Beste bost bertsolarirekin batera arituko da, Iban Narbaizaren aginduetara.
Irailaren 15ean eskualdera etorriko da txapelketa. Villabonako Gurea aretoan elkartuko dira bertsozaleak, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Beñat Iguaran herritarra arituko da kantuan, gainera. Hortxe emango dio hasiera amasarrak txapelketari.
Irailaren 28an, Zumarragan jokatuko den final-zortzinerean ekingo dio txapelketako ibiliari Unai Mendizabal zizurkildarrak. Txapelketa aurreratuta, final-laurdenetan sartuko da lehian Oihana Iguaran amasarra. Duela lau urte finalean izateak eman dio horretarako txartela. Urriaren 27an izango da saioa, Azpeitian.