Eskualdeko ahotsak Balin, Landarbaso abesbatzarekin

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 3a, 15:52

Errenteriako Landarbaso abesbatzak Baliko Abesbatzen Lehiaketan hartu zuen parte joan zen uztailaren bukaeran. Eta besteak beste, Beterri-Aiztondo eskualdeko hiru ordezkari izan ziren Balin (Indonesia): Iker Leunda eta Manex Etxeberria andoaindarrak nahiz Ibon Alustiza billabonatarra.

Esperientzia ahaztezina bizitu zuten Landarbaso abesbatzako kideek, tartean Iker Leunda, Manex Etxeberria eta Ibon Alustizak uda honetan Balin. Errenteriako Landarbaso abesbatzako kideak dira eta, uztailaren amaieran, Baliko Abesbatzen Lehiaketan hartu zuten parte euren taldekideekin batera. Parte hartu bakarrik ez, lehiatu ziren bi kategoriatan urrezko domina eskuratu eta hori gutxi balitz, Grand Prixa edo Txapelketa Nagusia ere irabazi egin baitzuten. Pozik eta indarberrituta itzuli dira Asiako lurretatik eta euren bizipenen berri eman dute itzuleran.

Bihar eta etzi (irailak 4 eta 5) artean banatuko den Aiurri hamaboskarian argitaratuko da bidaiaren berri jasotzen duen erreportajea.

Hamabost argazkirekin osatutako galeria, berriz, ikusgai duzue albiste honetan bertan, klik bakarrera. Argazkiak elkarrizketatuek utzitakoak dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!