Adunan hasiko da Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia

Ainhoa Gil 2019ko ira. 6a, 09:00
Iaz Urnietan egindako sagardo txapelketa herrikoiaren kanporaketa

Irailaren 13an, ostiralarekin jarriko da martxan V. Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia. Txapelketa honetan, herritarrek izaten dute sagardoa ezberdinak dastatu eta onenak bereizteko ardura. Adunako pilotalekuan egingo dute lehen kanporaketa eta jarraian etorriko dira Lizartza, Orio eta Zornotzan egingo dituztenak. Ergobian jokatuko dute final handia.

Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiak bosgarren edizioa ospatuko du irailean. Garai batean bezala, sagardo onenak herrietako bizilagunei dastatzera ematen dizkiete txapelketa honetan, haiek emandako putuazioaren arabera onena zein den erabaki dezaten.

Aurreko urteetan bezala, txapelketa honek nahi duen orori eskaintzen dio 43 sagardo dastatu eta puntuatzeko aukera. Lau kanporaketa jokatuko dira; Aduna, Lizartza, Orio eta Zornotzan, eta hauetako bakoitzean 10-11 sagardo dastatuko dira. Ergobian jokatuko dute final handia eta bertan, 300 lagunek erabakiko dute kata itsuan zein izango den 2019ko sagardo txapelduna.

Epaimahaikide herrikoia izatea oso erraza da. Sagardogileak bereziki aukeratutako sagardoez gozatzeko aukera izango dute gainera, eta baita finalera joango diren 12 sagardoak zein izango diren erabakitzekoa ere. Mahaikideak esertzean hasten da txapelketa. Mahaikide bakoitzak sagardoa dastatu eta bere puntuazioa emango dio, 5-10 bitartean. Mahaian izendatutako arduradunak puntuazioak jaso eta antolatzaileari emango dizkio.

Parte hartzeko

Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartzeko, bai finalaurrekoetan edota baita finalean ere Sagardoa Route – Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin jarri behar da harremanetan, edota tokian tokiko ohiko salmenta puntuetara jo. Semifinalaren prezioa 26 € da eta finalarena berriz 32 €. Semifinal batzuetarako sarrerak dagoeneko agortu dira. Hori dela eta, inork parte hartu nahi badu egokiena zuzenean Sagardoa Routekin harremanetan jartzea izango da: info@sagardoa.eus edota 943 336 811688 856 294.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak lehengo ohitura bati heldu, eta sagardo txapelketa herrikoia berreskuratu zuen 2015ean. Historikoki horrelako txapelketak egin izan dira, 1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu baitzituen orduko sagardogileen elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean, eta sare hori berreskuratzea da asmoa.

Bai finalaurrekoetako eta bai finaleko afaria bertako produktuetan oinarrituko da, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Basatxerrik eta Lurlan Elkarteek duten elkarlanerako proiektua oinarri hartuta. Sagardoarekin egoki ezkontzen diren plater desberdinak dastatu ahal izango ditu jendea.

Jarraian, txapelketan parte hartuko duten sagardotegien zerrenda:

Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Akarregi (Hernani), Alberro (Hernani), Alorrenea (Astigarraga), Añota (Azpeitia), Araeta (Zubieta), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Zubieta), Beltzenia (Urruña), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Donostia), Egiluze (Errenteria), Eguzkitza (Tolosa), Ekain (Zestoa), Elutxeta (Urnieta), Etxeberria (Astigarraga), Eula (Urnieta), Gaztañaga (Andoain), Goikoetxea (Lizartza), Iparragirre (Hernani), Irigoien (Astigarraga), Itxasburu (Hernani), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Larre-Gain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Oianume (Urnieta), Oialume Zahar (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Ordo Zelai (Oiartzun), Otsua Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Tximista (Ordizia), Urdaira (Usurbil), Uxarte (Zornotza), Zabala (Aduna).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!