Mikel Iturriaren etxekoen irrintzia

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 5a, 11:15
Jon anaia eta Marian ama Irrintzi tabernan dauden Mikelen ibilbideko argazkien aurrean.

Mikel Iturria txirrindulariaren familia Andoaingo Ama Kandida etorbideko Irrintzi tabernaren jabe da. Taberna izanik, beti behar da norbait negozioa gobernatzeko. Bart arratsaldean Marian ama geratu zen lanean, eta telebistatik majo sufritu eta ikaragarri gozatu zuen. Mikelen anaia Jon, bizikleta hartuta, anaiari animoak ematera joana zen. Luzaroan gogoratuko duten arratsaldea bizi izan zuten Iturriatarrek.

Imaginatzekoak dira, beraz, helmuga zapaldu orduko Irrintzi tabernan edota lagunen tropelean bizi izandako irrintzi, oihu eta algarak. Sekulako garaipena lortu baitzuen Euskadi Murias taldeko Mikel Iturriak. Profesional mailan aritzea oso garesti dago, Espainiako Vueltan aritzeko aukera murritza da, eta garaipena eskuratzea oso gutxiren esku dago. Atzokoarekin arrastoa utziko du urnietarrak, euskal txirrindularitzaren historian.

Goizeko 08:30ak dira, eta goizero bezala irrintzi tabernan etenik gabe lan egiten da. Industrigunea gertu egonik, dozenaka dira gosaltzera hurbiltzen diren langileak. TVE 24H jarrita dago telebistan, eta atzoko etaparen albistea ematen ari dira. Marian ama pozarren dago, irribarre zabal zabalarekin. Gertu du Jon seme zaharrena, biak ari baitira bezeroen aurrean lanean.

Lanak tartea uzten dionean, Jon ere txirrindulari bilakatzen da. Zaletasun handia du, eta ziur bera izan dela Mikel txirrindulari izateko pizgarri handienetakoa. Anaia txikientzat nagusiagoa dena beti izaten baita erreferentzia. Tabernatik atera eta Aiurrirekin hitz egiteko tartea aurkitu du Jonek.

Zorionak, Jon. Hasteko eta behin, nola bizi izan zenuten atzokoa? Zeuk etapa bertatik bertara ikusi zenuen, eta ama tabernan lanean ari zela.

Lanak aukera ematen digunean bizikleta hartzeko ohitura dugu, niretzat zaletasuna da. Eta etapa etxetik gertu igarotzen zela baliatuta, hara gerturatu ginen etxeko batzuk eta lagunak. Ama tabernan zegoen, baina aita ere hara joan zen beste senideekin batera.

Guretzat, txirrindularitzari loturiko beste egun bat zirudien. Ihesaldiaren berri izan genuen, eta itxaropena orduan piztu zen. Protagonismoa izango zuela eta telebistan aterako zela jakin bagenekien, poza ondoren etorri zen.

Portuan gora geunden, eta pantaila bidez ikusten ari ginen etapa. Portuan behera, helmugara bidean, telefonoan deiak eta mezuak iristen ari zitzaizkidala jabetzen hasi nintzen. Zerbait gertatu ote zen pentsatzen ari nintzen, eta orduan jakin genuen ihesaldian bakarrik zihoala. Helmugara bitartekoa eromena izan zen.

Begiz jota zuen etapa Mikelek, hori adierazi zuen atzokoan.

Pentsa, Eguberrietan handik genbiltzan etapa aztertzen. Taldekideak eta tropeltxoko lagunak hara eraman gintuen. Egun hartan begia bota zion, eta ibilbidea ohikoa dena baino detaile gehiagorekin aztertzen ibili zen.

Gauza bat da ihesaldian egotea, eta bestea puntako txirrindulariak garaitzea. Une egokia aurkitzen ere asmatu behar da.

Ez dago jakiterik. Gorka Izagirre azkarra da, egon den talde guztietan aukera duen bakoitzean garaipena eskuratzeko zorian izaten da. Irabaztea zaila da, baina beti hortxe dago. Urte batzuk badira etapa berean, baina Euskal Herriko itzulian, Tony Martinek Gorka Izagirreri etapa kendu ziola. Helmuga berbera zen. Ihesaldia sortu zenean gogoan izan nuen, orduko gertaera hura.

Mikelek Zugarramurdiko alde horretan saiatu behar zuela argi nuen, sprinetan aukerarik ez zuelako. Une egokian ihes egin zuen, eta inoiz baino hobeto atera zen.

Sekulako garaipena lortu zuen.

Bai, profesionaletan bere lehen garaipena izanik gainera. Azken kilometroetako emozio horrek, gainera, garaipenari ukitu epikoa eman zion.

Konfiantza hartzeko oso baliagarria izango zaio.

Bai, oso lagungarria izango zaio Mikelek besteek bezainbesteko aukerak dituela barneratzeko. Diesel modukoa da, hori horrela da, baina besteek bezainbesteko aukera dauka.

Goza ezazue atzoko garaipenaz, Jon.

Halaxe da, Mikelekin egotea kosta zitzaigun atzokoan. Helmugatik gertu, harengana iristea ezinezkoa zen. Autobera gerturatu ginen, baina podiumean zegoen. Eta bitartean hainbat hedabideei elkarrizketak ematen aritu zen. Ohikoan baino askoz beranduago afaldu zuen, atzokoan.

Zorionak!

Eskerrik asko.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!