Zabalik da Buruntzaldeko zortzi euskaltegietan matrikulatzeko epea

Xabier Lasa 2019ko ira. 6a, 14:25

Buruntzaldeko sei udalerrietako ordezkari politikoak eta teknikariek eta horietan zabalik diren zortzi euskaltegietako ordezkariek matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Andoainen eguardian. Ia-ia doakoa eta kasu batzuetan erabat doakoa izan daiteke euskara ikastea Buruntzaldean.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek aurten ere elkarren eskutik deia egin diete herritarrei, euskara ikasi edo hobetzeko helburuarekin euskaltegietan izena eman dezaten. Azaldu dutenez, “iraila da matrikulatzeko momentua, eta euskaltegietako ateak zabalik daude, bai matrikula egiteko, baita ere, noski, informazioa emateko. Euskara ikasteko aukera asko dago Buruntzaldeko sei herrietan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen. Hauxe da momentua eta aukera paregabea pausoa emateko: euskararik ez dakienak ikasteko eta euskaraz zerbait dakienak hobetzeko”.

Manuel Larramendi euskaltzalearen omenezko bustoaren aurrean elkartu dira guztiak ere, eta haren esanak eta pentsamendua hartu dute gogoan. “Ezaguna da Manuel Larramendik euskarari buruz (euskararen gramatikari buruz, zehatzago esanda) idatzi zuen leloa: “ezina, ekinez egina”. Inondik ere ez da “ezinezkoa” euskara ikastea; alderantziz, pixka bat saiatuz eta “ekinez”, beste edozein hizkuntza bezala ikas liteke. Oso modu errazean: ikasiz erabili, eta erabiliz ikasi. Horretarako laguntza eta babes handia da, oso garrantzitsua, euskaltegietan eskuratzen dena. Euskara ikasteko eta euskaraz aritzeko aukera ematen baitute euskaltegiek.”.

 

Aukera ugari

Zortzi euskaltegietan eskaintza zabala dela zehaztu dute. “Guztietan dago astelehenetik ostirala bitarteko eskaintza, goizetan, eguerdietan eta arratsalde-iluntzeetan banatuta. Maila guztietako ikastaroak daude: A1, A2, B1, B2 C1 eta C2. Euskaltegira bertara joaterik ez duenak ere badu aukera autoikaskuntza sistemaz baliatzeko. Herri batean ez bada bestean aurkitu daitezke norberaren premia eta ordutegietara egokitutako aukera ezberdinak. Euskaltegi guztiak daude HABEk homologatuak, eta profesional trebatuak dira  klaseak ematen dituztenak”.

Euskara Buruntzaldean ikastea ez dela batere garestia adierazi dute, merkea baizik. “Sei herrien artean badira ezberdintasun txiki batzuk, baina sei kasuetan ia-ia doakoa da, eta kasu batzuetan guztiz doakoa euskara ikastea, baldintza batzuk betez. Sei udalek ematen dituzte dirulaguntzak, eta baldintzak oso antzekoak dira. Herri guztietan nahitaezkoa da bermatzea klaseetarako gutxieneko asistentzia mailaren bat (% 80 - % 85); dirulaguntzen kopurua herriz herri aldatu egiten da, eta  matrikularen % 70etik % 100era bitarteko laguntzak ematen dituzte Udalek. Udalek emandako dirulaguntza hauez gain, HABEk ere dirulaguntzak ematen ditu. Horregatik, bada, ez da garestia, merkea baizik, kasu askotan doakoa izateraino, euskara ikasteko euskaltegian matrikulatuta aritzea Buruntzaldean”.

Euskaltegietan egin behar da matrikula. Interneten ere eskura liteke euskaltegiei eta euskara ikastaroei buruzko informazioa, bai udal bakoitzaren web gunean, eta baita ere ondorengo esteka honetan: www.buruntzaldea.eus.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!