“Auzitegi Nazionala ez da ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Zigor horiek egia bilakatu zitezkeela pentsarazi digu”, adierazi du Izko bozeramaileak. Hori dela eta, akordioa lortzea erabaki dute. Gehienentzat zigor txikiak izango dira, eta espetxea saihestu ahal izango dute. Beraz, Zubizarreta andoaindarra eta Kudu eta Esnal urnietarrak aske geratuko dira. Zuluetak eta Enparantzak bere gain hartuko dute zigor handiena, eta antza denez hilabeteetako kartzela zigorra pairatu beharko dute.
Epaiketak hilabete hauetan herritar askoren elkartasuna eragin du. Andoainen, Urnietan eta baita Euskal Herri osoan zehar ere. Urrutira joan gabe, joan zen larunbatean Bilbon milaka lagun elkartu ziren auziperatuei elkartasuna adierazteko.