Mugikortasun astea ospatzen ari dira Aiztondoko Udalak eta ikastetxeak

Aiurri 2019ko ira. 17a, 14:38

Autorik gabeko eguna irailaren 22an izango da, eta ideia horri jarraiki, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabona batzen dituen errepide zatiak moztuko dira motordun ibilgailuentzat ostiralean ordu batzuetan; horiek sortzen dituzten arazoez ohartarazteko.

Aste honetan, irailaren 16tik 22ra, mugikortasun iraunkorraren astea ari dira ospatzen Europan, eta aldarri horrekin bat egin dute Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Adunako Udalek nahiz ikastetxeak. Europar Batasunak aurtengo ediziorako pentsatu duen lema "Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili da". Lema horren baitan, ostiralean mugikortasun festan hartuko dute parte ikasleek joku ezberdinak eginez. Festa Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen Zubimusu zubian izango da 10:30etatik 12:00etara.

Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko Udal Saileko arduradunak azaldu duenez, "2.000. urteaz geroztik eskualdean bat egiten dugu mundu mailan antolatzen den mugikortasun iraunkorraren astearekin. Beste mugikortasun ohitura batzuk aldarrikatzen dira mundu mailan, hala nola ibilgailu pribatuak alde batera utzi edota horiek sortzen dituzten arazoak ohartarazteko sentsibilizazio astea izaten da". Mugikortasun jasangarriaren inguruan sustapen politikak aurrera eramaten dituztela gehitu du, esaterako, garraio publikoa hobetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta udalekin batera edota landa eta hiri eremuetan oinezkoentako eta bizikletentzako bide egokiagoak erabiliz.

Trafiko mozketa

Mugikortasun festa hasi eta amaitu bitartean, trafikoa moztuko da motordun ibilgailuentzako, zehazki 09:30etatik 12:00etara. Oinezkoek nahiz bizikletan doazenek soilik ahalko dute errepidea erabili, baita baimenduetako ibilgailuek ere.

Festaren antolatzaileak Adunako, Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako Udalak eta ikastetxeak, Tolosaldea Garapen Agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira, eta sentsibilzazio kanpainarekin bat egitera animatu nahi dituzte herritarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!