"Euskal PMP" ekimenak publizitate programatikoa euskaraz egitea ahalbidetuko du

Aiurri 2019ko ira. 18a, 14:13
(Ezkerretik eskuinera) Alex Rayon, Bingen Zupiria, Maite Iturbe, Iraitz Elgezabal eta Juan Manuel Alvarez.

Ekimena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik, EiTBtik eta TOKIKOMetik abiatu da, Smart AdServer enpresaren laguntza teknikoarekin, eta zabalik dago euskarazko komunikabideek zein era guztietako agentzia eta iragarleek parte hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta TOKIKOMek "Euskal Private Market Place" produktu berria aurkeztu diete goizean euskal medioetan iragarkiak jartzen dituzten publizitate-agentziei eta iragarleei, EITBk Bilbon duen egoitzan. Euskal PMP publizitate espazioak erosteko "azoka" moduko bat da, euskarazko edukietan espezializatua. Market Place horretan nahi duten euskarazko medio guztiek hartu ahal izango dute parte. Azpiegitura berri horrek orain arte itxita zeuden ateak irekiko ditu euskarazko komunikabide digitaletan publizitatea askoz ere modu erraz eta eraginkorragoan egin ahal izateko.

Jardunaldia Euskal PMP ekimena azaldu eta testuinguru egokian kokatzeko baliatu da.  Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak publizitate programatikoa zer den azaldu du. Iraitz Elgezabal TOKIKOM-eko zuzendari komertziala euskarazko hedabide digitalen egungo egoeraz mintzatu da eta Juan Manuel Alvarez Smart AdServerreko Country Managerrak PMPk nola funtzionatzen duen eta dituen abantaila eta ezaugarriei buruz aritu da. Halaber, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskal PMP proiektuaren helburuak azaldu ditu eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia proiektuaren jatorriaz eta garrantziaz aritu da.  

Publizitate programatikoa

Internetek iraultza handia ekarri du kazetaritzarekin lotutako alderdi guztietara, eta publizitatea ez da aldaketa horretatik libratu. Publizitate klasikoan, iragarleek hedabidearen arabera erosten zituzten iragarkiak jartzeko espazioak: orri oso bat halako aldizkarian, 20 segundo halako irratian, 20 segundo halako telebistan… Medio digitalen etorrerarekin logika hori erabat aldatu da. Internetek ahalbidetzen duen erabiltzaileen jarraipenari esker, iragarleek erabiltzaile tipologiaren arabera erosten dituzte espazioak, eta ez hedabidearen arabera.

Erabiltzailearen araberako espazio salmenta horiek "publizitate programatikoa" delakoaren bidez egiten dira, eta webguneen argitaratzaileek azoka birtual moduko batzuetan jartzen dituzte haien publizitate espazioak.

Hizkuntza txikientzat oztopo

Interneteko iragarki edo banner bakoitzaren prezioa oso txikia izaten denez, azoka birtual horiek oso bolumen handietan dihardute derrigorrez, milioika ikustaldi eta klik dituzten webguneekin. Kontestu horretan, alde batetik, euskarazko medioak banaka hartuta txikiegiak dira errentagarriak izateko; bestetik, ez dago modurik iragarkien beraien hizkuntza bereizteko. Biak ala biak eragozpen handiak dira euskara hutsez funtzionatu nahi duten komunikabideentzat.

Aldi berean, publizitate agentzientzat programatikoa oso funtzionamendu erosoa denez, gero eta publizitate gutxiago kontratatzen dute zuzenean komunikabide digitalekin, eta negozio osoa programatikako ‘azoka’ automatiko horietara bideratzen ari dira. Eta euskarazko medioek orain arte ez dutenez izan azoka horietan parte hartzerik, pixkanaka-pixkanaka batere publizitaterik gabe geratzen ari ziren.

Konponbide komunen bila

Arazo horretaz jabetuta, TOKIKOM, euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldea, EiTBren sail komertzialarekin bildu zen duela urtebete. EiTBk ere arazo berbera zuen euskarazko publizitatea kanal programatikoen bidez jasotzeko, eta konponbide bat bilatzeko erronka bere egin zuen. Hartara, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari Euskal PMP-aren nondik norakoak azaldu ondoren, proiektua bultzatzea eta horren aldeko apustu garbia egitea erabaki zuten, Jaurlaritzak azken hilabeteotan euskarazko komunikabideekin daraman elkarlan politikaren barruan, eta uda aurretik adostutako finantzazio eredu berriaren osagarri.

Azoka espezializatu bat euskarazko publizitate digitalerako

Euskal PMP sortu berria, gainera, teknikoki bateragarria da, alde batetik, komunikabideek publizitatea argitaratu eta kudeatzeko erabiltzen duten sistema ezberdinekin, eta bestetik, iragarleek eta publizitate agentziek erabiltzen dituztenekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik euskara ingurune digitalean ere estandarizatzeko aurrerapauso garrantzitsu gisa jo dute proiektua, eta horregatik konpromisoa hartu dute egitasmoaren kostuak urtebetez finantzatzeko, sistema sendotu eta modurik eraginkorrenean konfiguratu bitartean.

Horrela, euskarazko komunikabideek programatikako azokatan parte hartu ahalko dute, erdarazko publizitatea onartu beharrik gabe. Eta iragarleek, berriz, askoz errazago izango dute euskarazko publizitatea egitea, beste hizkuntza batzuetan erabiltzen dituzten tresna estandar berberak erabiliz.

Tresna berria erabiltzeko deialdia

Tresnaren alderdi teknikoa prest dagoela, hura erabili eta ondo aprobetxatzeko deia egin diete EiTB, Eusko Jaurlaritza eta TOKIKOMeko arduradunek, alde batetik iragarle eta agentziei, euskarazko publizitate gehiago egin eta Euskal PMP berri hau baliatzen hasteko; eta bestetik euskarazko komunikabideei, euren publizitate espazioak ere azoka berrian eskaintzeko.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!