Hasi da Euskal Sagardoa ekoizteko sagar-bilketa

Sagar-bilketa lanetan murgilduta dabil dagoeneko hainbat sagardogile. Jatorri Izendapena duen sagardoa egiteko, bereziki zaindutako sagarrak erabiltzen dituzte. Sagardogile Elkartetik jakinarazi dutenez, sagar-urte ona izango da 2019a.

Hasi dira 2019 uztako sagardoa egiten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait sagardotegi eta datozen egunetan hasiko dira gainerako guztiak. Sagarra aurreratu xamarra dator aurten ere eta horrek eraginda irailean sagarra biltzen hasi dira sagasti askotan.

Hiru herrialdetako homologatutako 250 sagasti inguruko sagarra erabiliko da Euskal Sagardoa egiteko eta guztira 5 bat milioi kilo biltzea espero da. Sagarzaleen lana ezinbestekoa da Jatorri Deituraren barruan, kalitatezko sagardoak kalitatezko sagarra eskatzen baitu. Horretarako, aholkularitza teknikoa hartu eta sagastietako lanean buru-belarri ari dira sagarzaleak eta horren eraginez sagarra behar den moduan eta behar den puntuan biltzea lortzen ari dira.

Inausketa egokiek, ongarriketak eta sagastiko lanek ari dituzte uztak berdintzen, baina oraindik ere urte biz behin izatean da sagar urte handia Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Aurten sagar urtea aurreikusi ziteen eta neguko, udaberriko eta udarako giroak, uzta handia eragin du. Sagar asko da beraz sagastirik gehienetan, eta udaran euri dezente egin duenez, ale nahiko handia eta sanoa.

Aurreko urtearekin alderatuta, azukre gutxixeago dakar sagarrak orokorrean, eta beraz, iaz baino alkohol gutxixeago ekarriko du sagardoak. Hala ere, behin bildu eta jo ondoren jakin ahal izango dugu nolako sagardoa datorren 2019 uztakoa, kopuruz handia izango dela badakigun arren.

Euskal Sagardoa, txapel eta lepoko gorrikoa

Sagastietan eta sagardotegietan egiten ari den lana merkatura zabaltzeko lanean ari da Euskal Sagardoaren Kontseilu Arautzailea. Bertakoa eta kalitatezkoa den sagardo baten alde egindako lana kontsumitzaileari iristea ezinbestekoa da. Salmenta datuak gora doaz urtez urte eta datozen urteetako helburua izango da joera honi eustea. Euskal Sagardoa da kapsula edo txapel eta lepoko sagartxo gorria daramana eta zenbait kasutan baita urre koloreko kapsula edo lepokoa daramana ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!