Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala, larunbatean

Ainhoa Gil 2019ko ira. 26a, 09:00

Ergobian izango da Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren final handia irailaren 28an, iluntzean. Sarrera guztiak agortuta, 300 lagundik gora izango dira 2019ko sagardo txapelduna zein izango den erabakitzeko ardura izango dutena.

Sagardoa Route – Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren bosgarren edizioa ospatu da aurtengoan. Txapelketa honetan lau finalaurreko eta finala izan ohi dira. Lau finalaurrekoak iraileko lehen bi asteetan izan ditugu eta Aduna, Lizartza, Orio eta Zornotzako lagunek aukeratu dituzte datorren larunbatean Astigarragan dastatuko diren sagardoak zein izango diren.

Dastatzeak itsuak izan direnez, oraindik ere inork ez daki zein izango diren larunbateko finalistak. Beraz, irrika eta ilusioa bizirik daude parte hartzaileen artean.

Behin finala bukatuta eta jendeak emandako puntuazioak behar den bezala jasota,  12 finalisten izenak ordena alfabetikoan aurkeztuko ditu Izaro Iraetak, eta baita lehen hirurenak ere, sailkapen ordenean. Horretaz gain, finalaurrekotako irabazleen izenak ere emango dira jakitera.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldeko 20 herritako 43 sagardotegik eman dute izena aurtengo edizioan. Lau finalaurrekotan banatuta, 10-11 sagardo dastatu ahal izan ditu epaimahai herrikoiak. Finalean, berriz, 12 izango dira dastatuko direnak.

Otordua

Finaleko afaria bertako produktuetan oinarrituko da, Basatxerrik eta Lurlan Elkarteekin dugun hitzarmena medio eta bertako produktuarekin dugun konpromisoa tarteko. Sagardoarekin egoki ezkontzen diren plater desberdinak dastatu ahal izango ditu jendeak.

Eskertza

Sagardoa Routek eskerrak eman nahi dizkio Astigarragako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Hazi Fundazioari emandako babesagatik. Halaber, esker bereziak ere herriz herri lagundu diguten talde eta elkarteei: Adunako herriari, Lizartzako Txirrita elkarteari, Orioko Aldapa Elkarteari, Zornotzako Edurmendi Elkarteari eta Ergobiako elkarte kultural eta gastronomikoko kideei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!