Lehenengo geure etxean irabazi behar dugu
Behean sinatzen dugun elkarteok deia egiten diogu Gipuzkoako gizarteari, irailaren 27an Klimaren mobilizazio egunean manifestaziorekin bat egin dezan, ingurumenak gurean eta munduan duen egoeraren azterketan oinarriturik.
Planeta mailako krisi edo larrialdi ekologiko handi batean murgilduak gaude: berotze globala, aldaketa klimatikoa, ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezina, horrek dakartzan ondorio ezin larriagoekin: hondakin eta plastikoen kudeaketa jasanezina eta airean, uretan, elikagaietan eta ingurumen guztian dauden kutsadura maila handiak.
Krisi hau ez da naturala. Aberastasuna metatzeko irrikak ekarria da, kontrolik gabeko kontsumo eta ekoizpenaren bitartez. Mugarik gabeko liberalismoan oinarritzen da, non interes ekonomikoak gailen diren pertsonen bizitza eta duintasun, osasun eta planetaren beraren zein bertako espezieen biziraupenaren gainetik.
Oso maniobra tarte eskasa daukagu. 11 urte baino ez ditugu batez besteko tenperatura 1,5ºC goratu ez dadin eragozteko, eta era horretan aldaketa klimatikoaren eragin suntsitzaileenak ekiditeko. Horretarako beharrezkoa da gobernuek eta enpresek neurri eraginkorrak jar ditzaten mahai gainean, eta gainera, modu bidezkoan egin dezaten, herritarrak kontuan harturik. Euren interes partikular eta ekonomikoak albo batera utzi behar dituzte eta erdigunean bizitza, ingurumena eta justizia jarri. Proposamen sasi-ekologistek eta elite ekonomiko eta politikoen margo berdeak, ez gaitzatela engaina. Larrialdi globalari aurre egiteko lehenik, gure politika publiko, zerbitzu eta azpiegituretan erabakitzeko eskubidea eta kontrola berreskuratu behar ditugu, hartara trantsizio energetikoa diseinatzeko, sozialki justua eta feminista izango dena.
Horregatik irailaren 27an kalera aterako gara politikarien ekintzarik eza salatzeko, eta gobernuei benetako ekintza konprometituak exijitzeko. Bestetik, gizarte guztia mobilizatzera interpelatu nahi dugu larrialdi ekologikoaren aurka eta alternatiba sozial eta justuak eraikitzearen alde.
Irtenbidea ekoizpen eta erreprodukzio eredua aldatzetik etorriko da, aldaketa erradikala egitetik: erregai fosilak baztertu eta energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarrien eredu berriak sustatzetik, ekoizpen eta kontsumoa, kudeaketa eta harremanak, erdigunean bizitza eta ingurumena jarriaz.
Aste honetan zabaldu den albiste baten arabera, Euskadiko 8 enpresa kutsatzaileenetatik 4 erraustegiak dira. Horregatik esan liteke Gipuzkoan aldaketa klimatikoak izen eta abizenak dituela. Gipuzkoan aldaketa klimatikoa Foru Aldundia eta Urbaser deitzen dira. Aldaketa klimatikoak CO2 igorpenak handitzea esan nahi du plastikoak erreaz, etab., pozoin toxikoa igortzea esan nahi du (konposatu organiko iraunkorrak, metal astunak…). Edota, aitzitik, hondakinen kudeaketa konponbidean jartzea CO2 igorpenak handitu gabe eta kutsadurarik gabe, bai baitago irtenbide teknikoki kontrastatua horretarako, GFAk bere esku duena. Zergatik ez dute horretaz hitzik ere egin nahi? Euren interes ekonomiko eta alderdikoiak lehenesten dituztelako ote da, herritarren onuraz arduratu beharrean? Ordua da kontrola hartu eta egin nahi dutena eragozteko.
Garaiz gaude. Aldaketa klimatikoaren kontrako lehen garaipena etxean irabazi behar dugu. Ez dugu utziko erraustegia urrian abian jar dezaten. Herritarrei dei egiten diegu mobilizazio egunarekin bat egin dezaten irailaren 27ko manifestaziora joanez, eta ondoren egingo diren mobilizazioetan ere parte hartuz.
Sinatzaileak: ELA, CCOO, LAB, STEILLAS eta EHNE sindikatuek, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Greenpeace eta Eguzki Ekologista taldeak, Ernai gazte erakundea, Extinction Rebellion taldea, Osasuna eta errausketa Ikerketa taldea (Medikuak) eta guraSOS elkartea.