Manu Izagirre "maisua" gogoan

Xabier Lasa 2019ko urr. 1a, 12:09

Laudoriozko hitzak erruz entzun ziren Basteron eta Ortzaikako karobian, uztailean zendu zen Manu Izagirre arkeologoa hizpide hartuta. Gipuzkoako kultur ondarearen alde egin zuen lan izugarriagatik nabarmendu zuten Izagirre, Burdinak larunbatean antolatu zituen gorazarreko ekitaldi banatan.

Jakinduria izugarriko gizona, ekintzaile nekaezina, langile tematia, diskretua, ilusio kutsatzailea, artetsua egitasmoen inguruan konplizitate eta sinpatia sareak eratzeko orduan... Gizon handi bat marrazten diguten hitz ederrak erabili zituzten Izagirreren adiskideek eta harekin behin edo behin elkarlanean aritu ziren makina bat pertsonek hura definitzeko asmoz, Basteroko ekitaldian.

Maider Lainez Andoaingo alkateak, Burdina taldeko Ander Otañok eta Alberto Santana historialariak egin zituzten sarrerako hitzak. Unai Barrutia Urki dantza taldeko dantzariak aurreskua dantzatu zuen, ongietorria emanez bertaratutako guztiei, eta Eragiyok abesbatzak bi abestiez osatutako emanaldi laburra eskaini zuen.

Ondoren, hainbat lagun (Aingeru Zabala, Ramon Aiertza, Marta Zabala, Koldo Sansinenea, Jordi Pardo, Karmele Barandiaran, Xabier Agote, Joxeramon Berrondo, Mertxe Urteaga...) banan-banan atrilaren aurrean jarri, eta Izagirreren nortasuna eta bere eginak deskribatzen saiatu ziren, gertakizun eta pasadizu entzungarrien eskutik.

Kontakizunek emozioa isuri zuten galdutako adiskide zintzoaren hutsunea sumatzeagatik, baina baita ere miresmena, bizi zelarik kultur ondarearen alde erakutsi zuen adoreagatik.

Basteroko lehen lerroko aulkietan eserita zegoen familiari begiratuz, hona zer adierazi zien Alberto Santana historialariak: “Jakin ezazu, Manuk zuei “lapurtzen” zizkizuen ordu mordo horiek eskuartean zeuzkan makina bat egitasmoei eskaintzen zizkiela, eta gu berarekin eramaten gintuela, trebea baitzen jendea lanean jartzeko garaian. Halakoetan, bere buruhaustea ez dakit nongo baserri, burdinola, errota, karobi, ontzi edo elizako erretaula berreskuratzea izaten zen”.

Hamarkadetan Gipuzkoako Aldundiko Arkeologia saileko arduraduna izan zen heinean, gaur egun herrialdean ezagutzen ditugun hainbat ondare arkeologikoen berreskurapenean parte hartze zuzena izan zuen Izagirrek. Besteak beste, Zeraineko Aizpeako labeak, Aiako Agorregiko burniola, Igartubeiti baserria, edo, Albaola euskal itsas ondarea. Santanaren hitzetan, “Gipuzkoan ezin dira hamar kilometro zeharkatu topo egin gabe bere ahaleginaren arrastoa daukan kultur ondare historiko batekin”.

 

Ortzaikan, bigarren ekitaldia

Basteroko ekitaldia amaitu ostean, parte-hartzaile guztiak Ortzaikako karobira (Goiburu) kalejiran abiatu ziren. Izagirreren senitartekoek eta adiskideek ez ezik, Burdina taldeko kideek eta honekin elkarlanean jarduten duten udalerrietako ordezkari politikoek osatu zuten kalejira.

Ortzaikan, Maizorri txalaparta eskolako kideek eta Beñat Beloki Punttuka bertso eskolako bertsolariak ekin zioten ekitaldiari. Eta ondoren, Manu Izagirre ez ezik, Burdina taldeko kide nekaezina ere izan zen hildako beste pertsona bat, Joxe Pablo Usandizaga, gogoan hartu zuten. Bien senitartekoei oroigarriak eskaini zitzaizkien, eta ondoren, karobia piztu egin zuten.

Ekitaldiaren amaieran, Izagirreren eredua kontuan hartuta etorkizunari begira jarri ziren guztiak ere, eta Santana historialariak jakin zuen hitzetara eramaten guztien pentsamendua: “Beharbada, euskal kulturak gaur egun daukan pertsonalitaterik ezkutatuena izan daiteke Manu Izagirre. Aitormen publikoa merezi du, eta alde horretatik, guk egin dezakeguna ondare historikoa berreskuratzea eta argitan jartzea izan daiteke, Izagirrek nahiko lukeen moduan. Burdinako kideek, zuek ere bide horretatik tinko segi behar duzue orain arte Manurekin egin duzuen bezalaxe”.

 

Esker oneko bi bertso

Beñat Belokik bi bertso abestu zituen Izagirre goratuz, Habanera doinua erabilita. Burdina taldeko kide guztien sentimendua bildu nahi izan zuten bi bertsoek:

 

Bertsoen bidez zugana

nahiko genuke iritsi,

aspaldiko harremana

sekula ez dadin hautsi.

Zuk adina inork ere

ez baitigu erakutsi,

karobi eta errotei

errotik zenien eutsi.

Guri aholkurik gabe

lurrean gaituzu utzi.

Gure artetik joan zera

Manu, orain dela gutxi.

Zure bidean sekula

nola ez zenuen etsi,

Burdinarentzat zu zinen

benetako harribitxi.

 

Urte luzetan gustura

aurkikuntzaren bidean,

momentu ederrak pasaz

maisuaren aldamenean

jakinduria zabalduz

irtenaldi bakoitzean

umore ederra sortuz

Burdinakoen artean.

Orain atseden hartzazu

zauden toki ederrean.

Seguruenik han ere

ariko zara lanean.

Eskerrik asko benetan

Burdinaren izenean,

betiko egongo zera

guztion oroimenean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!