Urtzi Reguerok irabazi du III Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Argazkia: Aziti Bihia.

Urtzi Reguero filologo eta ikerlari zizurkildarrak irabazi du III Manuel Larramendi Ikerketa Saria, Manuel Larramendik eta bere obrak –gramatikak eta hiztegiak– idazle nafarrengan izandako eragina ikertzeko aurkeztu duen egitasmoagatik. Urtebete izango du gaur egun Gasteizen bizi den zizurkildarrak egitasmoa osatu eta epaimahaiari aurkezteko.

Izan ere, Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren III. deialdia ebatzi duen epaimahaiak uda sasoian amaitu zituen bere lanak eta Blanca Urgell, Mikel Aizpuru, Garbiñe Agirre, Jose Antonio Rodriguez-Ranz eta Jon Unanuek osatu dute; Aitor Amutxastegik egin ditu idazkari lanak.

Saria Urtzi Reguerori emateko garaian oso aintzakotzat hartu du epaimahaiak ikerlariak Nafarroako euskal literaturaren bilakaerari buruz, bereziki XVII eta XVIII. mendeetakoari buruz duen ezagutza eta eskarmentu handia, eta bere ikerkizuna osatzeko aurkeztu duen egitasmoa. Reguerok urtebete izango du XVIII. mendeko hainbat idazle nafarren obrak aztertuz eta aurreko garaietakoekin alderaketa eginez argitzeko Larramendik eta bere obrak eraginik izan zuten ala ez eta eragin hori zenbaterainokoa izan zen.

Reguerok 2017. urtean goi-nafarrera arkaiko eta zaharrari buruz idatzitako bere doktore-tesian, 1750. urtearen aurreko, hau da, Larramendiren eraginaren aurreko Nafarroa Garaiko euskarazko testuak aztertu eta testu berriagoekin konparatu zituenean, ikusi zuen mendearen erdialdean etena dagoela goi-nafarreraren bilakabidean. 1750etik aurrera, testu gehiago agertzeaz landara, hizkera landuagoa erabiltzen da eta lehenago agertzen ez diren ezaugarriak lekukotzen dira. Regueroren hipotesia da, eta bere ikerlanaren abiaburua, aldaketa horretan Larramendik bazukeela eraginik. Hori ikertzeko, Reguerok Mikelestorena, Sagastibeltza eta Lizarraga Elkanokoaren lanak aztertuko ditu; gainera, XVIII. mendean idatzitako beste lan batzuetan ezagutzen den sermoi andanan, kasu Larramendiren itzala noraino heltzen den aztertuko du. Guztia zientzia filologikoaren burubideez baina, mundu akademikotik areago, euskal gizarteari bere ondorioak zabaltzeko asmoz.

Esan bezala, urtebete izango du Reguerok ikerlana aurkezteko eta, ondoren, epaimahaiak bere helburu eta kalitatean ontzat eman beharko du saria guztiz eskuratzeko. Bien bitartean, ikerlariak 6.000 euroko sari ekonomikoaren % 40a baino ez du jasoko. Gainerakoa, % 60a eta saria egiaztatzen duen agiria, behin epaimahaiak ikerlana aztertu eta ontzat eman dezanean.

Urtzi Reguero Londresen da une honetan eta bertan egingo du bere ikerlanaren zati bat. Jakina, pozik hartu du saritu izanaren albistea.

Bide batez, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ezagutzera eman du, aurtengo Gabonetarako argitara emango duela II MLIS-a irabazi zuen Bakarne Altonaga ikerlari getxotarraren lana, euskal dantzen historia eta genero ikuspegia (XVIII-XIX. mendeak) aztergai hartu zuena. Duela egun gutxi eskuratu dio epaimahaiak sariaren behin betiko agiria. Ikerlanak Saiakera izeneko bere bilduman hartuko du lekua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!