“Euskaltzaleen komunitatea erdigunera ekarri dugu”

Ainhoa Gil 2019ko urr. 13a, 09:00

Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan da 2014ko apirilaz geroztik. Joan zen irailaren 27an, lekukoa pasa zion Kike Amonarrizi, Andoainen burutu zen batzarrean

Elkarrizketa abiatzeko, esan behar dugu Bergaran gaudela, eta ez dela kasualitatea Euskaltzaleen Topaguneaz berba egiteko Bergaran elkartu izana...

Elena Laka: 1996an tokian tokiko euskara elkarteek pentsatu zutenean edo pentsatu genuenean tokian tokiko egitura hori gainditzea eta horrek batuko zituen egitura nazionala sortzea, Bergaran egin zen sorrera bilera. Horregatik badauka esanahi berezia.

Kike Amonarriz: Bai, eta, gainera, gogora datozkigu pertsona batzuk, ezta, Elena?

E.L.: Bai, nik gogora ekarri nahi nituzke dagoeneko gu-rekin ez dauden Eibarko eta Tolosako pertsona oso esanguratsuak. Nola haiek amestu zuten Euskaltzaleen Topagunea mugimendu nazional bat, tokian tokiko mugimendua gaindituko zuena. Etxe hau eraiki ahal izateko haiek jarri zituzten oinarriak.

K.A.: Bai, eta haiei eta haiek bezalako pertsona askori esker gaude hemen. Mugimendu oso polita sortu zen, eta uste dut garrantzitsua dela jabetzea Topagunea ez zela sortu aurrena eta gero elkarteak. Ez. Kontrako bidea izan zen, oso behetik gorakoa. Elkarteak zeuden hainbat lekutan, eta elkartu beharra eta hura koordinatu beharra ikusi genuen. Nolabait, federazio bat antolatu beharra. Horrek azaltzen du zergatik euskara elkarteek daukaten horrelako nortasun propio indartsua, nire ustez, gero eta gutxiago, baina oso prozesu polita izan da ikustea nola konbinatu talde bakoitzaren indarra, autonomia eta nortasun hori, mugimendu zabal batean.

E.L.: Gainera, atzean utzi ezin dezakegun nortasuna dela uste dut. Erabat garrantzitsua da elkarte bakoitzak eta herri bakoitzak bere nortasuna izatea. 90eko hamarkada hasiera horretan elkarteak herriz herri sortzen hasi ginenean, denak Arrasateko AED elkartearen ondotik, bakoitzak izan zuen bere ibilbidea, eta orduan zaila zen pentsatzea egitura nazional bat izan zitekeenik. Topagunea sortu zenetik 22 urte pasatu dira jada, eta, behetik gora sortutako federazio bat izanik, tal-de-lana eginez eta gizarte mugimendu moduan. Uste dut Euskaltzaleen Topaguneko balio garrantzitsuenetako bat hori dela, ez dela erakunde pertsonalista.

Biak ere beteranoak zarete Topagunean, eta zure kasuan, Elena, 2014az geroztik lehendakaria. Oraintxe laga duzu; zergatik?

E.L: Bost urte badira zerbait (barreak). Bost urtean ibili naiz, ahal izan dudan neurrian, buru-belarri sartuta eta inplikatuta, eta orain, badator beste lehendakari bat. Gauza berriak egingo ditu, aro berria dator, eta jauzi bat aurrera egingo duena. Uste dut nire lana egin dudala, eta gizarte mugimenduetan aldaketa hauek gertatzea oso onuragarria dela. Pertsonez osatutako erakundea da, eta nire ustez ezin da egonkortu pertsona bat, ez delako ona. Nire lana egin dut, oso-oso pozik egin dut, eta Euskaltzaleen Topaguneaz berba onak besterik ez ditut, eta orain, Kikeri pasako diot lekukoa. Eta, gainera, hau ez da nire lana. Hemen boluntario lana egiten dut, oso gustura, uste dut aktibis-ta moduan edozein pertsonari eskatu eta eman beharreko lan bat dela, eta, hala ere, jaso egiten da gehiago eman baino. Orain, albotik laguntzen jarraituko dut. Kike Amonarrizen eta bere zuzendaritza batzordearen esku geldituko da dena.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!