Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo final-laurdenak Andoainen eta Irunen, asteburuan

Aiurri 2019ko urr. 15a, 10:30

Final-zortzirenak joan dira eta final-laurdenen fasean sartuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Urriaren 19an jokatuko da lehenengoa, larunbatean, Andoainen; bigarrena, berriz, urriaren 20an izango da Irunen. Aiztondo bailarako bertsolari ugari ariko da asteburuan kantuan: Beñat Iguaran amasarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra Andoainen eta Haritz Mujika asteasuarra Irunen.

Andoainen Bastero Kulturgunean izango da final-laurdena, 17:00etan hasita. Hurrengo bertsolariak ariko dira kantuan:

  • Iñaki Apalategi Astigarraga
  • Beñat Iguaran Amondarain
  • Unai Mendizabal Jauregi
  • Eñaut Martikorena Lizaso
  • Asier Azpiroz Iztueta
  • Iban Urdangarin Lardizabal

Aurkezle lanak Inaxio Usarralde Arantzadik egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Maite Sukia Olano, Zigor Leunda Eizmendi, Amaia Otxotorena Gamio, Oihana Aranguren Etxaniz eta Mikel Beloki Urkizu. Idazkari lanetan, berriz, Silvia Etxaniz Alberdi ariko da.

Igandean, urriaren 20an, berriz, Irungo Amaia Kultur Zentroan jokatuko da final-laurdenetako saioa, 17:00etan. Sei bertsolari hauek izango dira oholtzan:

  • Agin Laburu Rezola
  • Haritz Mujika Lasa
  • Beñat Lizaso Alberdi
  • Maider Arregi Markuleta
  • Unai Gaztelumendi Arandia
  • Iñigo Izagirre Urteaga

Aurkezle lanak Iban Narbaiza Cevidanesek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Maite Sukia Olano, Zigor Leunda Eizmendi, Amaia Otxotorena Gamio, Oihana Aranguren Etxaniz eta Mikel Beloki Urkizu. Idazkari lanetan, berriz, Gorka Segurola Dorronsoro ariko da.

Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira final-erdietara eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Final-laurdenetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Sarrerak salgai daude, beti bezala, www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira larunbatean zein igandean, 16:00etatik aurrera.

Informazio gehiago:

  • Webgunea: www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoako-bertsolari-txapelketa
  • Sare sozialak:

            -Facebook: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea

            -Twitter: @GBertsozale / #GBTX19

            -Instagram: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea

  • Posta elektronikoa: gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!