Kataluniarekin elkartasuna adierazteko manifestazioa

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 18a, 07:12

Procès-aren aurkako sententziaren oihartzuna zabala izaten ari da Euskal Herrian. Epaia bidegabea dela salatzeko hainbat elkarretaratze izan dira, han eta hemen. Larunbat honetan, bestalde, Gure Esku mugimenduak manifestazioa deitu du. Donostian izango da, eta Antiguatik Boulevardearino igaroko da arratsaldeko 17:30ean hasita.

Gure Esku herri dinamikak ‘Askatasuna. Konponbide politikoaren alde’ manifestua aurkeztu zuen Doostian, joan zen ostegunean. Alderdi politiko eta eragile ezberdinek bat egin dute deialdiarekin, hala nola, EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdia, ELA, LAB, STE-EILAS, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuak, Demokrazia Bai plataformak, Erabakizaleak abokatuen elkartea, eta abar. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Juantxo Arakama, Miren Amuriza, Alex Sardui, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo eragileek atxekimendua adierazi dute.

MANIFESTUA

“Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.

Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.

Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu eta, kasu honetan, babesten dugu Gure Eskuk deituriko manifestazioa, Erreferenduma ez da delitu | Askatasuna lelopean, urriaren 19an Donostian egitekoa dena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!