Goizean izan da aurkezpen ekitaldia Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoan. Haritz Eguren eta Maite Retolaza dira Oiharte sagardotegiko jabeak. Sektoreak dituen tendentzia eta berrikuntza bideak aintzat hartuta ekarri dute aurtengoan produktua aurkezteko formatu berria. Haritz Egurenek adierazi duenez, "lata formatua eman diogu eboluzio handia dagoelako sagardo munduan. Orain dela bi urte pasatxo Euskal Sagardoa jatorri deitura sortu zen eta horrekin batera sagardoa iraultza handia bizitzen ari da. Iraultza horren barruan gure apustua latarekikoa izan da".
Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzailea den Unai Agirrek zorionak eman dizkie Egureni eta Retolazari. "Horrelako egitasmoak beti dira interesgarriak, eta kasu honetan sagardotegi txiki baten eskutik dator. Horrek erakusten du zer nolako gogoa dagoen proiketu berriak egiteko eta aurrera joateko", azaldu du Agirrek. Bestetik, Euskal Sagardoa jatorri deiturak horrelako egitasmoak babestuko dituela aitortu du, kalitatez eta bertako lehengaiez egindako produktuarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Imanol Lasak, Euskal Sagardoa gazteengana hurbiltzen ari dela esan du. "Gazte merkatuari gerturatzen ari gara, eta gainera gurea ondo bermatuta. Bermatuta sagarra, bermatuta prozesuak, bermatuta kalitatearen jarraipena egiten duen Fraisoro eta gero salmenta. Horretan ere asmatzen ari garelako. Pausu txiki horrek asko esan nahi du gure lurraldean".
Lataren abantailak
Egurenek sagardoa latan kontsumiotzeari abantailak baino ez dizkio ikusten: "Noranahi eramateko oso erraza. Kristala hausteko beldurrez egoten gara; lata, berriz, erraz eraman daiteke eta bueltan ekarri ere bai. Ia poltsikoan eraman daitekeen produktua da". Latak sagardoa ondo mantentzen duela gehitu du. 44 zentrilito ditu latak, sagardo botila erdia baino pixkat bat gehixeago.
Proiektu pilotua da Oiharte Sagardotegiak aurrera eramango duena, eta denborak erakutsiko dio formatu horrek zenbaterainoko aukerak ematen dizkion etxeari. Salmenta oraingoz zuzenekoa izango da eta banaketa antolatuan zein banatzaileekin komertzializazio plana garatzen ari dira.