Odol emaileen egun handia

Xabier Lasa 2019ko urr. 26a, 09:06
Izaskun Miner, BegoƱa Vicente eta Joxe Mari Tolosa Urnietako San Juan plazan.

Eskualdeko odol emaileek euren eguna ospatuko dute Urnietan, igande honetan. Odol emate kopuru jakinak egin dituzten herritarrak omenduko dituzte. Tartean dira Begoña Vicente urnietarra eta Joxe Mari Tolosa andoaindarra.

Andoain, Urnieta, Tolosaldea eta Beterri-Buruntzako odol emaileak bilduko dira, Urnietako Oianume jatetxean igande honetan ospatuko den ekitaldian.

Bazkariaren aurretik 25, 75, 80, 100 eta gehiagotan odola eman duten emakumezkoak eta gizonezkoak nabarmenduko dituzte, eta erakutsi duten eskuzabaltasunagatik dominak zein ikurrak eskainiko zaizkie. Horien artean nabarmendu behar dira BegoÒa Vicente eta Joxe Mari Tolosa. 116 alditan eman du odola Vicentek, eta 102 alditan Tolosak.

Ez dira edonolako markak, apenas baitago kopuru handi horretara iritsi den odol emailerik. Borondateaz gain, osasunak ere lagundu behar dio emaileari. BegoÒa Vicentek eginda ditu kalkuluak: “Giza gorputza zazpi litro odolekin osatzen dela jakinda, nire gorputz osoaren odol bolumena hamabost bat aldiz emango nuen jada”. Joxe Mari Tolosak, ondotik, umorea erabili du: “Odol putzu ederra kendu digute dagoeneko”.

Biek ere pozik daude igandean aitortza jaso dutelako, baina argi utzi dute odola ematen duen pertsonak ez doazela aitormen publikoari bila: “Geure buruarekin eta gizartearekin hartzen dugun konpromiso pertsonalarekin zintzo jokatzen saiatzen gara, ez besterik”.

Odol emaile bakoitzak bere arrazoiak edukiko ditu, odol emaile izateko hartutako erabakian. BegoÒa Vicente legeari begira egon zen pausoa noiz eman jakiteko: “Oso gaztetatik, 18 urte betetzen nituenerako, ilusio bikoitza nuen: batetik, gida baimena ateratzea, eta bestetik, odol emaile izatea. Urteak bete bezain pronto Urnietara etortzen zen unitate mugikorrera hurbildu nintzen, baina atzera bota ninduten, hemologlobina maila nahikoa ez edukitzeagatik. Hurrengo urtean berriro saiatu, eta orduan hasi nintzen ematen. Hura izan zen poza niretzat!”. 

Joxe Mari Tolosaren kasuan, etxean gertu-gertutik ikusitakoak animatu zuen odol emaile izatera: “1978an, hor nonbait, erizainak erauzketak egitera etorri ziren lantokira; lankide batek animatuta, behin edo behin eman nuen. Baina orduan ez neukan kontzientzia handirik, egia esanda. Lantokiz aldatzea egokitu zitzaidan, eta erizainak azaltzen ez zirenez, bada utzi egun nuen. Ahaztuta eduki nuen zeregin hori. 1991n, ordea, senide bat gaixorik zegoela, odola sartu zioten. Eta horren testigu izan nintzen. Orduan piztu zitzaidan odola emateko grina, zeinen premiazkoa izan daitekeen jabetu nintzelako. Hurrengo hiletik aurrera, Andoaingo anbulatoriora hurbildu nintzen, gaur arte.

Urtean lau txandatan odola ematen dut, hutsik egin gabe. Osasuna lagun izan dut urte horietan, ez gaixotasun larririk, ez botiken menpeko tratamendurik... Eta horri esker gainditu ahal izan dut ehuneko kopurua”.

Izaskun Minerrek 35 urte daramatza Urnietako odol emaileen elkartean, sustatzaile gisa. “Herriko zenbait odol emaileek bilera batera gonbidatu gintuzten. Donostiara joan behar izaten zuten odola ematera, eta Urnietan bertan haiekin batera elkartea sortzea proposatu ziguten. Horrela murgildu nintzen mundu horretan. Urteen poderioz, batzuk utzi egin dute elkartea, beste batzuk sartu dira... Manoli Sorondok eta biok jarraitzen dugu, hasierako talde hartatik. Nik, adinagatik, jada ezin dut odolik eman”.

Aferesia, zer da?

Zenbait baldintza bete behar izaten ditu odol emaile izan nahi duen pertsonak. Horien artean, adin jakin bat edukitzea (18 urtetik 70 urtera arte), gaixotasunik ez edukitzea, medikaziork ez jasotzea, bidaia bereziren bat egiteko txertorik hartu ez izana edo azken hilabeteetan tatuajea egin ez izana...

Urtean, gizonezkoek gehienez lau alditan eman dezakete, eta hirutan emakumeek. 

Azken baldintza hori kontuan hartuta, itxura batean behintzat harrigarria egiten da zenbat odol erauzketa egin dizkioten BegoÒa Vicenteri. Berak eman digu datu hori ulertzeko beharrezkoa den azalpena: “2004an, aferesiaren berri eman zidaten, eta harrezkero 72 erauzketa egin dizkidate. Zer den aferesia? Odola ateratzen dizute, baina odol hori hirutan frakzionatzen dute: globulu gorriak, plaketak, plasma. Aldi bakoitzean ospitaletan dauzkaten premien arabera, batetik edo bestetik hartzen dizute, eta behar ez dutena, itzuli egiten dizute. Plasmarekin dago eskaririk handiena, gaur egun. Makinen bidez egiten da ordu bete edo gehixeago irauten duen prozesu hori. Azkenean ateratzen dizutena kalitate handikoa da, pertsona bakar batena baita, beste inorekin nahastu gabekoa”.

BegoÒa Vicente erizaina da, eta badaki zenbateko garrantzia duen aferesiaren metodoarekin egindako erauzketak. “Behar-beharrezkoak dira hainbat gaixoentzat: erredura larria dutenentzat, kutsatuentzat, kronikoentzat.. Gainera, laborategiek izugarri estimatzen dute makina bat sendagai eta botika ekoiztu ahal izateko (era guztietako txertoak, kimioterapia...)”.

Keinu txikia, mesede handia

Oraindik ere aurreiritziak nagusi dira odola ematearen inguruan: osasunarentzat kaltegarria dela, orratzaren ziztada mingarria dela...  Joxe Mari Tolosak eta Izaskun Minerrek badakite zer den urte mordoan zehar odola eman eta eman aritzea, eta iruditzen zaie halako arrazoiak pausoa ez emateko norberak bere buruari jartzen dizkion aitzakiak direla.

BegoÒa Vicentek uste du desdramatizatu beharko litzatekeela odol ematearen jarduna, eta erarik naturalenean jokatzen saiatu behar dela. Berak mekanizatu egin du, ia, noizean behin odola ematearena: “Gutako bakoitzak eskura dugun ekintza da. Nahi izanez gero, denok topa dezakegu tarte bat geure bizitzan, arratsalde bat modu altruistan jokatzeko. Gizarteari on egingo diozula, kontzientzia horrekin joan behar duzu odola ematera. Behin ekintza hori eginda, argi eduki behar duzu norbaiten bizitza kinka larritik ateratzen lagunduko dezakezula. Satisfazio pertsonal horrek ez dauka preziorik, eta hurrengoan ere berdin jokatzeko mentalizatuta zaude. Hala pentsatzen dut nik, behintzat.”

Izaskun Minerrek zera gehitu du, “zuk ematen duzun odola ez dakizu nori etorriko zaion ondo. Dakizuna da, modu erraz batean eman duzun odol horrek norbaiti egundoko bizipoza eragingo diola. Gainera, egunen batean geu izan gaitezke odolaren beharrean gaudenak”.

Tolosak eta Minerrek behin baino gehiagoetan ezagutu izan dituzte amorru pittin bat eragiten dieten egoerak. “Istripu baten ondorioz pertsona bat oso larri dago ospitalean. Odolaren transfusioaren premian da, baina une horretan ospitaleak ez dauka gaixoak behar duen odol motarik. Eta hor non familiarrak hasten diren kexaka, ez dagoela eskubiderik esaka. Kontua da, familia horretan, odol emaile izatea inoiz inori ez zaiola burutik pasa ere egin! Egia da denoi dagozkiguela eskubideak, baina maiz ez ditugu kontuan hartzen gizarteari begira eduki beharko genituzkeen betebeharrak, legezkoak ez badira ere, moralak behintzat bai”.

Urnietan eta Andoainen, talde egonkorrak

Urnietan bi hiletik behin prestatzen dute azpiegitura guztia, nahi duen herritarra odola ematera hurbil dadin.

Andoainen hitzordua hilerokoa da. Bataz beste, berrogei bat odol emaile hurbiltzen dira batean zein bestean. Azken urtetan mantentzen ari den kopurua da hori, eta ez da gutxi; baina Tolosak eta Minerrek uste dute belaunaldien arteko erreleboa ez dela behar bezala gertatzen ari. “Odol emailea urtetan aurrera doan heinean, normala da bazterrean geratzea noizbait. Gaixotu egin delako, medikatzea egokitzen zaiolako, 70 urte bete dituelako... Eta kosta egiten da horiek utzitako tokia betetzea. Zenbait gazte gerturatzen ari dira, baina aleka, eta gainera, konstantzia falta zaie”.

Lekukoa hartzea aipatzen hasita, talde eragilean ere kide berriak hurbiltzea ontzat ikusiko lukete. Izan ere, bai Tolosak eta baita Minerrek, lan eta lan urte mordoa daramate.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!