Errigorako saskiak eskatzeko epea zabalik dago

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 30a, 11:44

Errigora ekimenaren udazkeneko kanpaina abiatu berri da, eta datorren azaroaren 20ra bitarte hiru saskietako bat eskatzeko aukera izango da. Ezaguna denez, Nafarroako Erriberako produktu sorta erostearekin batera hango euskalgintzari bultzadatxoa ematen zaio. Euskal Herri osoko euskaltzaleek ekimenarekin bat egin ohi dute. Eskualdean hainbat saltokitan egin daiteke eskaera, gaur hasita.

Zer da Errigora? Ekimenaren sustatzaileek ondo baino hobeto azaldu dute: “Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz”.

Abiatu da kanpaina, eta datorren azaroaren 20ra bitarte Beterri-Aiztondon saskietako eskatzeko aukera izango da. Helburua euskalgintzari babesa ematea da: “Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua eginez”. Saski bakoitzaren balioaren %25a euskalgintzara bideratzen da.

 

Aurtengoan, hiru saski aukeran:

  • Saski beltza, betikoa (50 euro): Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina estra, potxak, mahats-zukua, zainzuri-krema, teilak, melokotoia almibarrean, kardua, tomate frijitua, piper txorizeroa, mamia.
  • Saski berdea, ekologikoa (60 euro): Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina estra, potxak, mahats-zukua, arroza, pasta, barazki-menestra, ozpina.
  • Saski zuria, berezia (70 euro): Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, kriantza ardoa, patxarana, extra brut, polboroiak, patxaran mantekatuak, txokolatezko arrokak , pikillo piper marmelada.

Eskaerak egiteko tokiak

  • Andoain: Aita Larramendi ikastola, AEK euskaltegia eta Martin Ugalde Kultur Parkea.
  • Amasa-Villabona: Zubimusu ikastola eta Onddo gaztetxea.
  • Zizurkil: Herribizigune.
  • Hernani: AEK, Errigora gunea.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!