Botilak berrerabiltzeko egitasmoa

Jon Ander Ubeda 2019ko aza. 2a, 08:38
GFA - Sigfrido Koch

Beterri-Buruntza eskualdean ia bi milioi sagardo botila ekoizten dira, urtero. Horietatik %78 berrerabiltzen diren arren, gainerako %22 berrerabilpen ziklotik kanpo geratzen da. Berrerabilpen kopurua areagotzeko egitasmoa abiarazi dute

Eskualdeko Udalek ekonomia zirkularrean oinarrituriko Sagarberritu egitasmoa aurkeztu dute. Prentsa ohar bidez, tokiko izaera duela azpimarratu dute: “Garapen iraunkorrean oinarritutako proiektua da eta produktuen, zerbitzuen, hondakinen, materialen, uraren eta energiaren bizi zikloa ixtean oinarritua dago. Beirazko sagardo botilen berrerabilpenarekin botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da. Horrela balioa duen ezer ez da botatzen”.

Egitasmoa bideratzeko Beterri-Errotuz laneratze enpresa sortu dute, plana pilotoa dela adieraztearekin batera: “Irabazi asmorik gabeko sozietatea da eta pertsonen orientazioa, formazioa eta laneratzea sustatzea du helburu. Plan pilotuaren bidez, etorkizunean beira botilen berrerabilpenak merkatuan izango duen eragina zein den ikusiko da”.

Eskualdean estrategikoa den sagardogintza industria aukeratu dute. Auto askitasunean oinarritutako sistema garatu nahi dute, "beira botilak gertuen dauden instalazio egokietan tratatu, hondakin kopurua jaitsi eta energia kontsumoa murrizteko: Horregatik proiektua sustatzen duten eragileek elkarlanean  estrategia konpartituak izatea funtsezkoa da”. Egitasmoa diruz lagundu du Foru Aldundiko Ingurumen sailak. Sustatzaile nagusi dira, Gipuzkoako Sagardo Elkartea eta Euskal Sagardoaren baitako entitateak. Bestalde, proiektuan laguntzen dihardu San Marko Mankomunitateak, bere baitako garbiguneetan sagardo botilak jasotzeko gune berezitua errazteagatik. Herritarrek, beraz, sagardo botilak sagardotegietara edota Andoaingo eta Buruntzaldeko Garbiguneetara eraman ditzakete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!